Unitate didaktikoa: “Gernika: Laborategi Esperimentala”

Gernikaren bonbardaketa esperimentu bat izan zen; izuaren laborategian diseinatutako eta gauzatutako esperimentu ankerra, hain zuzen ere. Ondoren etorri zen diktadurak ezarritako isiltasunak eta denboraren igarotzeak, pasarte hura historiaren anekdota gisa utzi du belaunaldi berrientzako. Hori da, behintzat, sumatu dena hainbat herritan. Material didaktiko hau, beraz, hutsune hori betetzen laguntzera dator. Bonbek txikitutako eta hedatze-uhinek barreiatutako bizitza zatiak batu eta kontakizun kaleidoskopikoa eraikiko dugu. Esperimentazioaren bidez Memoria Historikoari lekua egingo diogu eskolan. Horretarako Memoria kontzeptua garatzeaz gain, berarekin estu lotuta dauden atalak landuko dira, diziplinarteko ikuspegia emanez. Historiak eta Arteak, adibidez, eskutik helduta egingo dute bidaia, izan ere, Gernikaren bonbardaketa eta Guernica margolana material didaktiko honen leit-motiva dira-eta. Ikasleek, ikerketa eta esperimentazio bidez, orduko gertakizunen barrunbetan sartuko dira eta arakatze-lana egin ostean beren memoria osatuko dute. Ikasleak memoriaren gordailu izateaz gain transmisore ere izango dira gelan, etxean eta herrian.

Material honen diziplinarteko izaerak modu malguan jokatzeko aukera ematen du (blokeak modu independientean landu daitezke). Proiektuaren emaitzak helburu hauekin lotuko ditugu:

  • Curriculumaren barruko gaitasunak garatu, hala pentsamendu kritikoa eta analitikoa nola talde-lana.
  • Hiritartasun kontzeptua sendotu eta ikasleari gizartearen parte dela sentiarazi.
  • Ikasleari lagundu iragana eta onainaldiko klabeak ere hobeto ulertzen.
  • Idatzizko eta ahozko lekukotasunak landu (memoriaren transmisioa).
  • Belaunaldiarteko harremanak bultzatu eskolan.
  • Curriculum eta kulturarteko ikuspegia garatu.
  • Baliabide guztiak ondo baliatu (museoak, leku bereziak…).

Material didaktikoa lantzean konturatuko gara zenbat herri diren, zoritxarrez, egoera berdintsua bizi izan dutenak (eta bizi dutenak). Hori dela eta, herrien arteko anaikidetasun ekimemak gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira. Belaunaldi berriek lanketa horren lekukoa hartu behar dute, herria ahanzturan erori ez dadin. Beraz, ikasleek beste herri batzuetako gazteen bizipenak ezagutu eta memoriak partekatuko dituzte jokoan dagoena mundu osoaren osasuna da-eta.

Artxiboa

Gaiak