Urtarrilaren 17an, ikurriña altxatu zen Gernikako udalean 1937an

1937ko urtarrilaren 17an (gaur 87 urte, beraz) Gernikako udalean ikurriña altxatu zen ofizialki, lehen aldiz. Jose Labauriak (handik gutxira, otsailaren 13an alkate izendatua izandakoa eta bonbardaketa egunean herriko ordezkari-burua zena) bultzatu zuen ekimena, garai aztoratu batean.

Gure ustez egun esanguratsu eta garrantzitsua da, azpimarra berezia izan beharko lukeena. Gure herriaren ikurra, euskal herritarron sinboloa, herritarrak ordezkatzen duen eraikinean ofizialki zegokion/dagokion lekuan zegoelako horrela.

Luzea da ikurriñak izan duen jazarpena, eta bere bitartez, gu guztiok pairaturikoa. Ezinbesteko eztabaida sustatu beharra dago ere gaur egun inposaturiko ikurrek udaletxean duten lekuaz. Sinboloek garrantzia dute, zalantzarik gabe; eta bandera arrotzen derrigortasunek, demokraziaren kontra joateaz gain, existitzen diren gehiengo sozialen eskubideak urratzen ditu.

Horregatik, zera adierazi nahi dugu:

1.- Gaurtik aurrera egun honek izan beharko lukeen herritarren ezagupena, zabalpena eta parte-hartzea sustatzen saiatuko garela.

2.- Gaur egungo udal ordezkari taldeei (are gehiago abertzaleak izanik hirurak) urterik urte egun horrek dagokion aitortza instituzionala edukitzeko aktibo izatea. Eta eskertzekoa litzateke, aho batez eta modu bateratuan egitea, gainera.

3.- Zinez, datorren urteko efemeride honetan, alegia, 2025ko urtarrilaren 17an, denon artean adosturiko ekimen baterako hitzordua bultzatzea desio dugu. Gure prestutasuna azaltzen dugu, horretarako, eta, udal ordezkariak partaide izatera animatzen ditugu.

Gernika-Lumon, 2024ko urtarrilaren 17an

Gernika-Lumoko udala, artxiboko irudia

Oizmendi Telebistak eta Busturialdeko Hitzak Gernika Memoriaren Lekuko plataformak egindako hausnarketa eta udalean urtarrilaren 17ko ikurriña altxatu izana 87 urte pasa izanaren gaineko deialdia jaso dute:

https://www.oizmendi.eus/herriak/15-berriak/5417-gernika-memoriaren-lekuko-plataformak-hiru-ezaugarri-adierazi-ditu-ikurrinaren-sinboloaren-harira

Artxiboa

Gaiak