Urriak 24

2019eko urriak 24ak, batzuentzat, agian, Franco jeneralaren biografiaren epilogoan tartea edukiko du. Beste batzuen aldetik espainiar demokraziaren garaipen oroitarria bezala aldarrikatua izango da. Badaude ere, eta Espainian (ezta Euskal Herrian ere) ez dira gutxi, iraganeko hezurren kontu horiek guztiak axola ez zaizkienak; iraganari begiratzea arriskutsu oso iruditzen zaiena, batez ere gaur eguneko haien posizio soziala kritikatzeko bidea izan daitekelako eta amnesia eta ezjakintasuna dagoenaren kudeaketarako askoz interesgarriak direlako… Are gehiago gaur egun separatistek mehatxatzen duten Espainian, atzera urdinen eta gorrien arteko zatiketa dakarren zentzugabekeri guzti horiek baino, batasuna hain beharrezkoa denean. Jende horiek, noski, iraganaren lapurretaz eta Erreforma-Transizioaren mitifikazioaz bizi dira, gaur eguneko status-quoaren kontakizuna eraikitzeko manipulazioen segida beharrezkoa denez gero. Sektore sozial horietako kide batzuk izen eta abizen oso garrantzitsuak dituzte eta haien ordezkari politikoak ezagunak dira.

Ahanztura eta ezjakintasunaren beharrek azaltzen dute, 1936ko gerra eta errepresio egunetatik hasita gaur egunerainoko artxiboen itxiturak, hustuketak, deuseztapenak eta dokumentu publikoei heltzeko ukazio ofizialak. Ahanztura partziala noski, alde batetik, kontaketa ofizialak kolpisten, jazartzaileen, errepresoreen, torturatzaileen, hiltzaileen eta lapurren “biografia sozialak” jasangarriak bihurtzeraino bigundu egin dituelako, bestetik, txanponaren beste aldea, Trantsizioaren hitzarmena arriskuan ez jartzearen helburuarekin iragana ez ukitzeak galtzaileen ahotsak isilaraztea ekarri duen bitartean.

Askorentzat ordea, Franco hilobiz aldatzea berandu, oso berandu, ia saihestezina izan denean heldu da.

1975eko azaroaren 20an hil zen Francisco Franco jenerala eta diktadorea. 1969ko uztailaren 22an Espainiako Printze tituluarekin, Mugimendu Nazionalaren oinarriak eta Erresumaren Oinarrizko Legeak zin egin zituen eta diktadorearen ondorengo estatu burua izendatua izan zen Juan Carlos Printzea buru zela, hilobiratu zuten Haren Handitasuna, ohore guztiekin, Madrileko Cuelgamurosko haranean dagoen Erorien Haraneko hipogeoan. Franco 1936ko irailaren 28an izendatu zuten gobernuburu eta armaden Jeneralisimoa. 1936ko gerra, 1939ko apirilaren 1an amaitutzat eman zuten nagusitu ziren matxinoek. 1975eko azaroaren 22an Juan Carlos Igoa Espainiako Gorte Frankistek Espainiako Errege izendatu zuten. 1976ko azaroak 18an Gorte frankistek Estaduaren Eraberritze Legea onartu zuten. 1978ko abenduaren 29an Espainiako Konstituzioa Estaduko Boletinean agertu eta indarrean ezarri zen. 1982ko urriak 28ko hauteskunde orokorren ostean Espainiako Alderdi Sozialistaren Felipe Gónzalez Marquezek Espainiako lehendakaritza lortu zuen… Espainiako Memoriaren Legea bezala ezagutzen den araua (Abenduak 26ko 52/2007 Legea) PSOEko Zapatero Espainiako lehendakaria zela onartu zen benetako eragin sakonik eduki ez ba zuen ere, eta, de facto, indar gabe geratu bazen 2011an, PPko Mariano Rajoyk agintea lortu zuenetik. Lege horren, Memoriaren Legearen 16garren tituluak, Erorien Haranaren auziari buruz aritzen da.

Franco hil zenetik 44 urte igarota; Espainiar konstituzioa onartu zenetik 41 urte igaro direla; Espainiako Alderdi Sozialistak bere lehen gobernua lortu zuela 37 urte eta gero; Memoria Historikoaren Legea onartu zela 12 urte pasa direla, lortu da lege horretan ezarritakoaren arabera, hain zuzen, Franco jeneralaren, kolpista eta diktadorearen gorpuzkinak Cuelgamurosko hipogeotik ateratzea. Kronologia horren zergatiari buruz galdetu behar diegu gure buruei; zeren sintoma den ahulezi demokratiko hori.

Eta gurean? Nafarroako Legebiltzarrean eta araudian jasotakoaz gain (Nafarroako Foru Legebiltzarraren 2003ko adierazpena eta 33/2013ko Foru Araua), EAEko Memoria Historikoaren Lege bateri ekin behar zitzaiola, Frankismoaren Kontrako Euskal Plataformak Legezko Herri Ekimen bat aurkeztu izan du orain gutxi EAEko Legebiltzarrean. Ganberaren gehiengoak, EAJ-PSE alderdien botoak, uko egin dio egitasmo herrikoiari eta, gobernuaren aldetik, Memoria Lege proiektu bat lantzen hasteko asmoa daukatela azaldu da. Kasu honetan ere, gurean, gertakizun hori zeren sintoma den galdetu diezaiekegu gure buruei. Zeintzuk diren erakundeen eta ordezkarien funtzioak eta hainbat urtetan, Justiziaren, Aitortzaren eta Egiaren aldeko borrokan, Memoriaren borrokan, herri eragile eta norbanakoei zor zaien aitorpena eta laguntza zergatik ukatzen zaien.

Balio dezatela lerro hauek, Gernika-Lumotik, urteak eta urteak, duintasun osoz, bai Euskal Herrian zein Espainian Memoriaren berreskurapenaren borrokan jardun direnei eta dihardutenei gure laguntasuna, elkartasuna eta hurbiltasuna, beraiekin gure ekarpena egiteko gogoa adierazteko, haiek direlako Askatasunaren benetako mugarriak.

Artxiboa

Gaiak