Urdaibai Gugenheim STOP

Arterietatik bihotzeko odola igarotzen da ehunetara, oxigenoa eta horretarako behar diren mantenugaiak erabilita. Gure herriak arteria sare osasuntsua eraiki behar du, oxigeno komunitarioa eskainiz eta elkar zainduz, elementu buxatzaileak drainatzeko. Kunetak zaintzen diren gisara, ahanzturak orbelak bezala ito ez ditzaten, artistak bere umoreak, ezinegonak, drainatzen ditu, bere arrengurak osatu, pertsona gisa osotuz. Artista bere garaiko lekukoa da; bizi duen lekuko egoeraz hausnartzen du, eta egungo baliabideak baliatuz emaitza, gorpuztuta, gizartera eskainiz. Bada, zer da Urdaibaiko Guggenheimak eskeintzen diguna? Zer arte mota? Zer artista eredu?

Lekuek egiten gaituzte; lekuek gure memoria eratzen dute eta izenak ere hartzen ditugu haietatik. Lotuta gaude lekuekin. Urdaibai ez da edozelako lekua. Urdaibai askotariko memorien leku bat da. Lurraz bestaldetik datozen hegaztien urteroko pausakelu da; habia gunea; itsasoaren gorabeherek ezkutatu eta bistaratzen duten ekosistema aparta, “naturarekin bat izateko” eskenatoki ederra. Bada, zer axola dio Urdaibaiko Guggenheimeri lekuak? Eta, memoriak? Eta, herriak?
Galdera horiei guztiei eta bidean sortuko direnei erantzuteko parada ederra dugu larunbat arratsalde honetan Gernika-Lumon, ozen entzun dezaten herri bat garela, eta geure lekua defendatuko dugula otsoaren, kontra, lukurreriaren kontra. Urdaibai Guggenheim STOP.

Sabin Ibazeta Lertxundi
Gernika Memoriaren Lekuko

Artxiboa

Gaiak