Riftar askatasunaren militanteei eta Nawal Benaissari agurra

Nota: abajo teneis el video en castellano

Aurtengo urtarrilaren amaieran Gernika-Lumoko zenbait taldek, iaz Gernikatik Mundura elkartearen proposamena berriro hartu eta, talde berarekin batera Nawal Benaissaren riftar ekintzailearen hautagaitza aurkeztu genuen Gernika Sarietarako. Sarien epaimahaiak, aurten ere, ez du hautagaitza hau bere egin eta beste batzuk aukeratu ditu sariak jasotzeko. Erabakia onartuta ere, hautagaitza horren arrazoiak azaldu eta egun hauetan, 1937ko apirilaren 26an gure herria suntsitu zutela gogoratzen dugunean, memoria, justizia soziala eta askatasunaren aldeko Rifeko borrokalarien oihartzuna gure artera ekarri nahi dugu.

36 urte dituen Nawal Benaissak egun Herbereetan asilo politikoa lortu du, marokoar poliziak jazarria eta hainbat alditan atxilotua izan eta gero hamar hilabetetako gartzelara eta isuna ordaintzera zigortua izan ostean. Benaissa andrea marokoar erregimenaren helburu bilakatu zen Rifeko Hirak mugimenduaren sinboloetariko bat bihurtu zenean.

Hirak, 2016an sortu zen mugimendu zibil eta baketsua da, Rifeko herriak Marokoko Erregimen Politikoarengandik pairatzen duen isolamendua, jazarpena eta bortxakeriaren kontra zutitu dena, bere eskubide sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalak aldarrikatuz. Rifeko lurraldea “baketu” nahian, elkarte eta norbanakoen aldarrikapen eta adierazpenen indarkeriazko errepresioa, mehatxuak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak marokoar segurtasun indarren ohiko metodoak dira. Baina nahiz eta gaur egun 800 preso politiko baino gehiago egon, erresistentziak darrai, eta, bestalde, kontuan izanda emakumezkoek Marokon ea inoiz ez dutela politikan parte hartzen, azpimarratzekoa da Nawal Benaissak eta beste emakume askok matxinadarekin jarraitzeko hartutako konpromezua.

Ez da ordea, Rifeko jendeak zapaltzaileei aurka egiten dien lehenengo aldia. Frantziak eta Espainiak, potentzia kolonial gisa (Rif eta Marokoko gudatan), eta Marokoko Erresumak (Mohamed V. eta Mohamed V. agintaldietan), Amazigh herriaren errepresioa eta giza eskubideen urraketa burutu dute historian zehar.

Badakite, riftarrek, askatasuna ordaindu egiten dela. Bai eta Justizia, Egia eta Memoriaren alde borrokatzea zer den ere… Eta Gernika-Lumon bezala zerutik sua etortzen ikustea zer den ere bai. XXgarren mendearen hasieran, Espainiak borrokatu zuen Rifeko gerran zehar, bereziki 1921an ezkeroztik, Annual osteko kanpainetan, objektibo zibilen kontrako aire armadaren erabilpena sistematikoa izan zen, nazioartean debekatutako bonba kimikoak baliatuz ere. Hamabost urteren buruan, Euskal Herriko zeruak zeharkatu eta heriotza zabalduz, herriak, baserriak, hiriak, mendiak, basoak txikitu zituztenak hango gerratan trebatu ziren.

1958-59an, Marokok independentzia lortu eta gutxira, riftarrak atzera marokoar zapalkuntzaren kontra altzatu zirenean, horiek bortizki eraso zituzten, inbasio kolonialaren urteetan bezala, 30.000 soldadu armadarekin; eta aide indarrek aduarrak, herrixkak eta matxinoen babeslekuak erasotu zituzten, napalm, fosforo eta fragmentazio bonbak erabilita.

Hamarkadetan zehar jasandako eraso hauen aurrean, riftar herriak antolatzen eta erantzuten jakin izan du.

Bestalde, Rif eta Gernika lotzen gaituen historiaren beste alde bat aipatu beharra daukagu. Gogoratu behar dugu 1920ko hamarkadan Abd el-Krim eta erresistentzia rifeñoaren aurka espainiar gudarosteak erabilitako bonba kimikoen karkasak “Talleres de Guernica” fabrikatuak izan zirela. Eta ezin dugu ahaztu, halaber, Francoren Guardia Morako soldadu riftar askok Gernikaren okupazioan parte hartu zutela 1937ko bonbardaketaren ondoren. Iraganean gerrak eta indarkeriak aurrez aurre jarri zituzten gure herri biak. Aldiz, sufritu izan dugun erregimen autoritarioek gure herrietan ezarri duten errepresio politiko eta kulturalak ere batu gaitu. Zorionez, gure herrien arteko harremanak aldatu egin dira. 70eko hamarkadatik ehunka errifeño, errepresiotik eta aukera faltatik ihesi, Euskal Herrira etorri izan dira lan egitera eta gurekin elkarbizitzera. Gaur egun, auzokideak garen heinean, hamaika arrazoi ditugu Euskal eta Rif herrien arteko elkartasuna adierazteko eta indartzeko, memoria, justizia soziala eta bakearen aldarrikapena baita gure herrien irrintzia.

Gaur, 2020an apirileko azken egun hauetan, Gernika-Lumotik, Euskal Herritik, riftar askatasunaren militanteei eta Nawal Benaissari eta gure adiskidetasun eta elkartasunezko agurra bidali nahi diegu.

Artxiboa

Gaiak