Prentsa askatasuna. Pablo askatu!

600 lagun elkartu gara #GernikaLumo “Prentsa askatasuna. Pablo askatu!” lemapean egindako manifestazioan. Ondoren ekitaldia egin dugu eta Ibai Amilla eta Koldo Gezuragak bertso bana abestu dute, Asier Zugadi kanta-autoreak kanta bi abestu, gure irakurketa plazaratu eta Oihana Goirienak Pablo bikotearen lerroak ekarri ditu .

PRENTSA ASKATASUNA. PABLO ASKATU!

Gaur bi urte betetzen dira Pablo Gonzalezen atxiloketatik. Ahotsa altxatu nahi dugu elantxobetar-nabarniztar kazetariaren gatibutza salatzeko, eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko. Ez da kazetari bakarra gatazka guneetan atxilotu eta espetxeratua izan dela; gaur egun hamarnaka kazetari daude, Pablo bezala, hainbat herrialdeetan preso.

Pablori 8 aldiz luzatu diote espetxealdia denbora honetan guztian, epaiketarik gabe, oztopo juridikoz beteriko prozeduran, isolaturik eta etxetik urrun.

Honen aurrean, zera adierazi nahi dugu:

1.- Pabloren berehalako askatzea exijitzen dugu. Bere egoeragatik kezkaturik, Euskal Herrian bere hurkoekin egotea ezinbestekoa baita.

2.- Prentsa askatasunaren aurkako erasoa da. Gatazka guneetan sarri ibilitakoa da Pablo Gonzalez. Eta horrelako testuinguruetan gertatzen dena informatzeko eskubidea du eta gu informatuak izateko eskubidea dugu. Ulertezina da urte bi hauetan guztian bizitakoa.

3.- Elkartasuna adierazten diogu Pablori, bere senide eta hurbilekoei eta herrikideei. Beste herrialde bateko ezarpen judizial pean gatibu egotea muturreko egoera bat da, eta oinarrizko eskubideak urratzen ari zaizkie.

4.- Free Pablo Gonzalez hainbat kazetarik abiatutako kanpainarekin bat egin izan dugu aurretik (tartean Euskal Herriko kazeta ugariren langileak daude) eskaera batekin: argitu dezatela gertatutakoa eta berehala utz dezaten aske.

Azken egun eta astetan kazetaritza konprometitutik ahots ezberdinak entzun dira Euskal Herrian. Poztekoa da begirada kritiko horiek hain baliotsua den langintzatik. Jakin badakigu gure herrian askatasunez informatzea sarri arriskutsua dela boterearentzat, eta errepresioaren jo puntu bihur daitekeela.

Horregatik diogu prentsa askatasuna oinarrizko eskubidea izanik, defendatu beharra dagoela. Eta, beraz, Pablo defendatzea dagokigula ere.

5.- Kritika zorrotza plazaratu nahi dugu Europar Batasunak eta Espainiar gobernu zentralak aurkezten ari diren utzikeriagatik. Besteak beste, Poloniari ahalbideratzen ari dietelako Oinarrizko Eskubideen
Karta ez betetzea, nahiz eta dokumentu hori loteslea izan Europar Batasuna-ko herrialde guztientzat.

Pablo askatu!

Gernika-Lumon, 2024ko otsailaren 28an

Argazkiak: Txebi Arriaga

Artxiboa

Gaiak