Picassoren “Guernica” Gernikara, Euskal Herrira

Picassoren “Guernica” izan daiteke gaur egun mundu mailako koadrorik ezagunenetakoa, eta agian gehien errepikatzen dena etxe, bulego eta kaleetan; manifestazio ugariren pankartetan ere ikusten dugu maiz. Arte bikaina eta erreibindikazio aurrerazaleak ordezkatzen ditu, eta balio sinboliko handia bereganatu du, zalantzarik gabe. Gaur bertan zabaltzen da Bilbon erakusketa, Madriletik ekarria, “Picasso, todos los viajes del ´Guernica´” izenekoa.

Gernikatik bertatik interpelazio zuzena egin behar dugu: Picassoren “Guernica” ondo dago Madileko Reina Sofia museoan ? Interpelazio hori egitera gatoz Gernikatik Bilboko Uribitartera, Erakusketa horren inaugurazioaren atarian jarri eta gure egia hau agertzera.

Uste dugu ez dagoela batere ondo han. Uste dugu “Guernica” Gernikara ekarri behar dela lehenbailehen. Hemen azalduko ditugu honen aldeko arrazoi eta motibo guztiak.

Picassoren koadroak 80 urte bete ditu aurten, Gernikako bonbardaketatik joan diren urte berberak. Bonbardaketa anker hura izan zen, hain zuzen ere, Picassok koadroa egiteko motiboa. Egia da Picassoren koadroak 80 urte horietan bidaia ugari egin dituela: Parisen sortu zenetik 1937 hartako maiatza-ekaina bitartean, gerora Europan eta Amerikan zehar 11 herrialde bisitatu izan ditu eta 41 erakusketa desberdinetan izan da mihise handi zabala. Lehen irteera Londresera egin zuen 1838.ean, eta 1939.eko maiatzaren lehenean New Yorkeko portura heldu zen, hurrengo urteetan Estatu Batuetako hiri nagusietan erakusketak eskainiz: Los Angeles, Chicago, Boston, San Francisco, New Orleans… Ondoren New Yorkeko MOMA museo famatuan utzi zuren depositoan, baina handik ere atera zuten bidaia luzeetarako: 1953am Milaneraino eraman zuten; urte berean Brasileko Sao Paulora; 1955ean Parisera eta Alemanian zehar Munich, Kolonia eta Hamburgoraino; 1956an Brusela, Amsterdam eta Estokolmo bisitatu zituen. Bidaia horien guztien ondoren, berriro ere New Yorkeko MOMAn utzi zuten, harik eta 1973 urtean Picasso hil eta Estatu espainiarra koadroa bereganatzeko maniobretan hasi zen arte. 1981 urtean Madrilera eraman zuten, Museo del Prado ondoko Casón del Buen Retiro izeneko gunera, eta handik ere aldatu gero, orain daukaten Reina Sofia museora. Bidaia eta aldaketa ugari egin izan ditu, beraz, koadroak 80 urte horietan. Bidaia luzea benetan, “Guernica” koadroarena. Baina Madrileko Reina Sofia museo hori izan behar da azken portua? Eta zergatik ez Gernika bera, portu naturala? Bada, orain esaten digute “arrazoi teknikoak” daudela, koadroa ezin dela mugitu gehiago. Argudio absurdoa berau, hainbeste aldiz mugitua izan den koadroaren kasuan eta hain justu gaur egun daudenean baldintza teknikorik egokienak Madriletik Gernikaraino bidaia egiteko. Azken bidaia hori modu ondo babestuan egin dezake Picassoren “Guernica”k, bere leku egokia, munduan duen egokiena, Gernikan bertan aurkitzeko.

Obraren dimentsioa unibertsala da gaur egun, bai, baina unibertsaltasun hori dimentsio oso lokal eta konkretutik hasi zen, gertaera zehatz batetik: 1937, apirilak 26, merkatu eguna Gernikan. Arratsaldeko 4.20an, ustekabean, hegazkin batzuk zeru gainean, bonbak jaurtitzen dituzte herri gainera. Hortik aurrera, arratsaldeko 7:40 arte, etengabeko bonbardaketa burutzen dute, 27 hegazkin bonba apurtzaile eta suemaleak erabiliz, 46 tona bonba, eta horrez gain 32 hegazkin ehiztari, ihesean zihoan jende guztia metrailatuz. Hegazkinak uholdeka zetozen Gernika gainera Burgos, Soria, Gasteiz eta Lasarteko aireportu frankisten menpekoetatik. Kondor Legio alemanekoak, Aviazione Legionaria faxista italiarrenak, eta frankistenak. Txikizio itzela burutu zuten Gernikan: 2.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, defentsarik gabeko herritar xeheak guztiak, eta hauen etxeak hondatu, Gernikako eraikin guztien ehuneko 85 guztiz txikitu eta erre.

Egiaren alde, Gernikako bonbardaketaren kronika zehatza idatzi zuen The Times egunkari britainiarrean George Steer gerra-kazetariak, eta bertsio kontrajarri horien erdian, Picassok Parisen jakin zuen Gernikako sarraskiaren berri, “L´Humanité” egunkari komunistak George Steerren kronika txertatu zuenean. Sutan jarri zen Picasso, beste asko legez, eta orduan erabaki zuen Espainiako Gobernu Errepublikarrak enkargatu zion Nazioarteko Erakusketarako koadro handia Gernikan gertatuaren inguruan egingo zuela. Maiatzaren leheneko manifestazioa bera Gernikako bonbardaketaren salaketari eskaini zioten, eta bertan parte hartu zuen Pablo Picassok arratsalde horretan bertan eman zion hasiera, Pariseko tailerrean, “Guernica” izeneko mihise handia pintatzeari. Hau guztia dokumentatua dago, eta pintaketa prozesuaren argazkiak ere badira, pintorearen lagun hurbila eta kolaboratzailea zen Dora Maar artista ezagunak bertan egindakoak. Etengabe egin zuen lan Picassok “Guernica” koadroan, eta ekainaren 7rako amaitua zuen. Nazioarteko Erakusketaren pabiloioaren horman uztailaren 11an kokatu zuten koadro handia, erakusketa irekitzearen bezperan. Honekin batera, Paul Eluard poeta handiaren “La victoire de Guernica” (Gernikaren garaitza) poema ezaguna. Ez dago, beraz, inolako zalantzarik: Picassoren “Guernica” koadroaren motibazioan eta genesian Gernikako bonbardaketa dago. Gaur egun, ordea, koadroaren oraingo kokapena justifikatu nahi dutenek izkutatu nahi dute egia hau, eta esanahi unibertsal abstraktua eman nahi diote. Baina Picassoren “Guernica” unibertsala da, hain zuzen ere, Gernikan sustraitua dagoelako eta mundu guztiko sarraskien eta gerra krimenen salaketa indartsua delako, zehaztasun horrek ematen diolako indar unibertsala. Gernikan sustraitzen da “Guernica”.

Picassoren “Guernica” koadroa lekuz kanpo dago Madrileko Reina Sofian. Kontuan izan Estatu espainiarrak ez duela gaur arte bonbardaketan daukan erantzunkizuna onartu; Alemaniako Estatuak egin du aitortza, baina Espainiak ez; indarrean dagoen Estatu-bertsio ofiziala, gaur egun ere, frankisteta da, euskaldunok erre genuela Gernika esaten duena. Kontuan izan Gernikako bonbardaketa Estatu espainiar frankista inposatuaren ekintza fundazionala izan zela, eta Estatu hura, funtsean, mantendu egin zela 78ko trantsizioa deitu prozesuan. Transizioaren estatu espainiarrak aurreko Estatu frankistaren zutabe nagusiak bereganatu zituen, artean Espainiaren batasun ukituezina eta nazio espainiarraren derrigostasun inposatua. Horregatik ari da lehertzen Katalunian gaur egun. Horregatik ezin dio Gernikako bonbardaketari eta Euskal Herriaren suntsipen prozesuari aurrez aurre begiratu eta Estatu horren fundazio- ekintza bezala aitortu. Gernikak subertsiboa izaten jarraitzen du Estatu espainiarrean, Euskal Herriak ukatua izaten jarraitzen duen moduan. Picassoren koadroa 1981 urtean Madrilera eraman zuten trantsizioaren Estatu horri berez ez duen legitimazio irudia emateko, besterik gabe.

Horregatik da zentzuaren aurkakoa Picassoren “Guernica” Estatu horren hiriburuan, Madrilen egotea, eta are Reina Sofia museoan bahitua bezala gordetzea.

Horregatik behar ditugu Picassoren Guernika Gernikan eta askatasuna Euskal Herrian. Zuzenbide eta arrazoi unibertsalaren izenean.

Gernikan eta Bilbon, 2017ko abenduaren 5ean

Juantxu Izagirre, Sabin Ibazeta, Xabier Onaindia, Jon Argintxona, Ibon Meñika, Oihana Cabello, Karmelo Landa

Artxiboa

Gaiak