Memoria elkarrizketa eta oroimen ibilbide literarioa

Lauaxeta Gernika eta bere testuinguru historiko eta gaurkotuan kokatzea. Horixe izan da Ipes elkartearen xedea azken bi urteetan. Izan ere, Gernika bonbardatu eta nazioarteko kazetariak suntsiketaren berri zuzenean emateko gerturatu zen Estepan Urkiaga Gernikara, eta bertan izan zen atxilotua (gaur Ajangizeko lurrak diren aldamenetik). Kazetaritza, literatura, politika, kultura…alde asko eta erpin ugari dituen figura bada.

Bere bilakaera aztertzearekin, atzo eta gaurko hainbat gai lantzeko beta eskaintzen ditu. Zentzu horretan, bere ibilbide literarioa sakonki landu eta aztertu duen luxuzko gonbidatua izan genuen, ASTRA Gernikan: Koldo Izagirre idazle pasaiarra, hain zuzen ere. Patxi Gaztelumendi kazetari larrabetzuarrak haritik tiraka ibil zitzaion, eta gaurko errealitatea interpretatzeko erpin anitz plazaratu zituzten, solasean: garaiko literatura, euskara, pentsamendua, abertzaletasuna, herria, gatazka, kultura, pertsona…gaurdaino.

Ekimena osotzeko oroimen ibilbide literarioa egin genuen, ondoren: ASTRAn Lilibertso taldeko bertsolari gernikarrak, bunkerrean Lobak taldeko belaunaldi berriak eta Leire Lopez, ibarrangeluarra, Susa-ko editorea dena, arkupeetan Mikel Antzak euskaraturiko olerki emanaldia, G.Steer-en bustoan ASTRAko kideak, pasalekuko gotorleku aurrean Josu Goikoetxea olerkari gernikarra…eta bukaera Arranon, mokadua.

Artxiboa

Gaiak