Memoria, askatasunerako

Egia da Memoria Soziala osatzen duten sinboloak eta balioak —materialak edo ez-materialak— alderdi anitzekoak direla, sakonak sarritan historiaren geruza desberdinetan zehar osotuak, eraikiak. Egia da ez direla gizarte sektore zehatz, mugatuen, jabetza edo ondarea. Baina egia da, neurri berean, gizarte baten gatazka eta kontraesan politiko eta sozialen isla badirela. Gernika-Lumo Euskal Memoriaren lekuetako bat da. Izaera horrek ekarri zion 1937ko apirilak 26an, matxinatutakoek, beraien espainiar nazionalismo baztertzailearen logikari jarraituz, burutu zuten eraso genozidaren zigorra. Erasotzaileek oso argi zeukaten Gernikak zer esanahi zuen euskaldunontzat. Euskaldunon bihotza eta gogoa zauritu nahi zuten. Eta beste hainbat lekutan eta urte askotan —gaur egunera arte— egingo zuten bezala, heriotzari, sarraski gupidagabeari, gezurra eta ahanztura gehitu nahi izan zizkioten… Gernika-Lumon, eta Euskal Herriko zein Espainiako hainbat horma, leize, bide- bazter, zoko eta amildegi, Herioaren zelai ilunak eta odoltsuak bihurtu zituzten. Arerioa akatu eta bere memoria lurperatzea beraien garaipenaren benetako ikurra izan da gaur arte. Inpunitatea da haien legeztapenerako ordainketa. Gernika-Lumon, beste leku horietan bezala, herri oso baten memoriak eutsi zion ordea, egiaren gogoari. Eta horregatik da Gernika, Gure Memoriaren Lekua. Ez haiena. Haien memoria, kasurik onenean ere, anputatutako memoria delako. Eta guk Memoria, Gure Memoria, askatasunerako nahi dugulako.

Gaur Gernika-Lumora Memoria Historikoa baztertu, ezabatu, zokoratu nahi dutenak datoz. Gaur Gernika-Lumora, ikerketa historikoei bideak ixten tematzen direnak datoz. Gaur Gernika-Lumora datozenak, askatasunaren alde borrokatu zirenak, biolentzia faxistaren biktimak, birritan eta sakonago lurperatuko lituzkete.

Guretzako ordea, 2020ko uztailaren 5aren honetan, orain direla 45 urte, 1975an Gernika Batzordea sortu zeneko oinarriak bere horretan diraute:

– Ikerketa historikoa bultzatu. 1936ko gerrarekin, estatu frankistarekin, errepresio politikoarekin zer ikusi duten artxibategien irekitzea.

– Gernikako bonbardaketari buruz Francoren gobernuak azaldu zuen faltsukeriaren aitorpen ofiziala, gaur eguneko espainiar gobernuaren aldetik.

– Egia, Aitortza eta Justizia. Memoria aktiboaren aldarrikapena.

– Gernika-Lumo, kulturaren, askatasunaren, bakearen hiria, Memoria Lekua bezala aldarrikatzea.

– Guernica Gernikara ekartzeko arrazoizko aldarrikapena.

Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Artxiboa

Gaiak