Liburu aipamena: ¿Quien quiso la Gerra Civil?

2019an argitarau zen liburu honetan Angel Viñas, madrildar historiatzaileak, 1936ko Gerraren hasierarekin amaitzen duen Espainiako IIgarren Errepublika eraldatzailea eraisteko konspirazioaren hari, bilbadura eta lokarri nagusiak azaltzen dizkigu.

Egileak zintzoki dioen bezala, liburu hau ez da liburu politikoa, baina, badauka ondorio politikorik, ikuspegi ideologiko oso bateri eragiten bait dio. Egilea, horretaz guztiz jabetzen da. Franco eta frankismoaren mitologia txikitzeaz gain (azken momentu arte, konspirazioan Francoren papera bigarren mailakoa izan baitzen), froga enpirikoak erabiliz (Viñasek garaiko lehen mailako ebidentziak, gazteleraz, “evidencia primaria de época” -EPRE- deitzen dituenak) espainiar eskumako posizio ideologiko-politikoei zilegitasuna emateko erabili den kontakizunaren oinarri nagusiena erasotzen duelako: Errepublikaren kaosak, atzerriko agentek bultzatutako Iraultzaren mehatxuak eta ezkerraren eraso oldarkor eta biolentoek eragin zutela 1936ko Gerra. Erreakzioa, Matxinada, egoera ezin larriagoaren aurrean, beharrezko erantzun zilegia izan zela eta, beraz, ondorengo diktadura luzea eta frankismoan oinarritutako estadu erregimenaren aldaketa, Erreforma, bere kondizio guztiekin, berezko logika duen ildo historiko bakarra dela, eskuma politikoaren gidaritza zentzudun eta eskuzabalaren bitartez ibilia.

Angel Viñasek, ordea, konspiratzaile monarkikoen dokumentuak berraztertuz eta horiek arakatutako italiar funtsekin elkartuz, konspirazioa eta gerra, hautu kontzienteen ondorioak izan zirela erakusten digu; aldez aurretik hartutako erabakien ondorioak, lehenengo konspiratzaile taldea, funtsean monarkikoak osatuta, jada 1931ko apirilaren 14an bertan, Errepublika aldarrikatzen den egun berean batzen delako lehenengoz, jaio berriko erregimena kentzeko asmoarekin.

Liburua hiru zatitan banatu daiteke. Lehenengoan, konspiratzaileen talde desberdinen loturak zelan sortzen diren ikusiko dugu: monarkikoak, karlistak, eskuma katolikoa, Primo de Riveraren diktaduraren goi administrazio eta erakunde politikoen kideak, arlo horietako militarrak… Elkarren arteko harremanak finkatzen doaz eta berdin gizartearen eremu desberdinak irabazten, biltzen, bereziki armadaren barnean. Calvo Sotelo, Goicoechea, Sanjurjo, Juan March, Alfonso XIIIgarrena, errege ohia, eta beste asko agertuko zaizkigu lerrootan: aristokraziaren, finantza eta industria enpresaburuen eta lurjabeen nobleziaren kide garrantzitsuenak (oso sarritan IparEuskal Herriko, Miarritze eta Donibane Lohitzuneko euren etxe aberatsetatik)… Gaur eguneko Espainiako (eta Hego Euskal Herrikoan, noski) bizitza ekonomiko, politiko eta sozialean oinorde garrantzitsuak dituzten abizenak. Aldiz, konspirazioaren bideragarritasunaren bermea kanpotik jasoko da, Italia faxistatik hain zuzen. Eta Mussoliniren gobernuaren kideekin harremanak, horren agenteen papera, zein espainiar konspiratzaileen ordezkarien joan etorriak zehaztuko dizkigu Viñasek, mugimendu guzti horiekin batera benetako egitura eta estrategia politiko-militarra eratzea lortzen duten arte: ezkutukoa, itzaletan dagoena, konplotarena; zenbait hedabideen kanpaina sistematikoen bidez, iritzi sozialaren sorkuntza eta erabilpenarena; masa alderdien bitartez, iritzi publiko katoliko, kontserbadore eta monarkikoen mobilizazio ideologiko eta elkartze politikorena. 1935eko amaieran, 1936ko lehen egunetan Errepublikaren gobernu kontserbadoreen krisiaren egoeraren inguruan, hauteskunde berriak aurreikusten direnean, eskumako lidergo konspiratzaileak, horrela beharrez gero, bere Rubikon propioa igarotzeko prest dago. Ezkerrak irabazten badu, estatu kolpea egiteko prest dago. Estatu kolpe, matxinada, monarkikoa, faxista eta militarra.

Liburuaren bigarren zatiak Franco jeneralaren irudiaren mitifikazioa deseraikitzea du helburu. Konplotaren Francoren zuzendari papera eratzea diktaduraren urteetako lana da. Egileak, diktadorearen garrantzia puzteko, eraikuntza lan horien autoritate oinarriak gezurtatzeko argudioak erakutsiko ditu. Franco, benetan, bigarren mailako aktore izan zen zenbait gertakizunek aukeraz profitatzeko abagunea eskaini zioten arte: Calvo Soteloren hilketak, uztailaren 20an Sanjurjoren heriotzak, bera Kanarietan egoteak, matxinada huts egin eta gerra hasten denean Afrikako armadaren protagonismoak … Mendebaldeko Zentinelaren figura, gerrarrekin eta gero, diktadurarekin moldatuko da.

Hirugarren zatian (16garren kapitulua “Responsabilidades y proyección” eta “Conclusiones” atala osatuta) aurretiaz landutako argudioak bildu eta bi kategoriatan sitematizatu egiten ditu, egileak gerraren gertakizunerako nahitaezko baldintzak eta baldintza nahikoak deitzen dituenak. Egiturazkoak lehenengoak; epe labur eta ertaineko gertakizunen jarraipenari eta horien aurrean hartutako erabakiei lotuak, bigarrenak.

Baldintza nahikoak hiru dira Viñasen ustetan: lehenengoa, konspirazioarekin amaitzeko errepublikar gobernuen ezintasuna; bigarrena, ekintza militarraren aldeko kontakizunaren eraikuntza eta hirugarrena, atzerriko potentzia baten laguntzaren adierazleak ziren arma modernoen erosketa. Baldintza horiek noski bere ekintzaileak dituzte, bere protagonista propioak. Ekintzaile aktibo eta kontzienteak, ez ezkerren gehiegikeriei suminez erantzuten dieten jazarritako, lapurtutako justuak.

Egiturazko arrazoien artean, Errestaurazioaren sistema oligarkikoak, saiakera desberdinen bitartez (erregimen zentsataritik, kazikismoaren bidez mugatutako demokrazia eta diktaduraraino) konpontzeko utzi zituen kontraesan sakonak, arrakala sozialak, distortsio politikoak. Arazook, Errepublikak heredatu eta, posizio erreformistetatik konpontzen ahaleginduko zen, baina, aldez aurretik, aldaketa horiek onartezinak zirela erabakita zuten zenbait talde batu ziren, erreforma eta berrikuntza horiek gelditzeko eta Errestaurazioaren jerarkia soziala, ordena, berrezartzeko. 411garren orrialdean azaltzen zaigun bezala, konspiratzaileen lurraldea menperatzen eta ezagutzen zuten Espainia zen eta ez zuten inoiz, hura elkarbanatzeko asmorik (“Su país era la España que conocían y dominaban y nunca estuvieron dispuestos a compartirla”).

Fronte Popularrak irabazi ostean, beraz, ez zegoen atzera bueltarik. Uztailaren 13rako matxinadaren planak oso, oso aurreratuak zeuden. Italia faxistarekin akordioak, aspaldi burutuak. Gertatuko zena gertatzeko ez zen beharrezkoa Calvo Soteloren heriotza, aitzaki propagandistiko bezala ez bada. Uztailaren 16an Balmes jenerala, Kanarietako Gobernadore Militarra, frankisten esanetan, bere pistola erabiltzean hil egiten da (Angel Viñasek Francok agindutako hilketa izan zela frogatzen ahalegintzen da beste liburu batean). Orduan, Franco, Kanarietako Komandante Militarra Tenerifeko bere tokia utzi eta Kanaria Handira abiatzen da, handik Dragon Rapide alokatutako hegazkin famatuan, Marokoko Protektoraturaino. Han, Uztailaren 17an, armadako agintari nagusiak, bere kide eta buruzagiak garbitu ostean eta zenbait erresistentzia gainditu ostean (aireko indarraren pilotu ofiziala den eta bere onarpenarekin fusilatu egingo duten Francoren lehengusu bat ere tartean) Afrikako Armada matxinatu egiten da.

Artxiboa

Gaiak