Kandelen manifestazioa

Ehunka herritarrek parte-hartu zuten, urtero legez, Gernika Batzordeak antolaturiko kandelen manifestazioan. 21.30tan hasita (azken hegazkinak entzun ziren ordu berean, 1937ko apirilaren 26an) egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatzeko oihu isila lau haizetara zabaltzen dute gernikarrek ibilbidearekin.

Ondoren, manifestu hau irakurri zen:

Gerrak ez dakar onik, inondik inora

Holan entzun dugu antzerki bukaerako kantan. Gerrak ez dakar onik… gutxi batzuentzako izan ezik. Armagintza industria etengabe hasiz doa. Gero eta sofistikatuagoak diren armak fabrikatuz; askoren heriotzaz aberastuz; bazterrak nahastuz; ez dagoen tokian liskarrak sortuz, era gero… gerrak. Gerra inbertsio gisa; gerra burtsan kotizatzen. Horregatik egin dute mendebaldeko “demokraziek” azken 15 urteetako gastu militar handiena. Kuriosoa da beti defentsarako dela esaten baitute. Gaiztoak direnengandik babestu gaitzaten eta gure ongizatea bermatua egon dadin. 

Hilketa masiboak, beraz, negozio iturri bihurtuta. Morteroak, hegazkinak, tankeak, granadak, munizioak… hemen, Euskal Herrian fabrikatzen dira. Ze, industria militarrak, Euskadin bakarrik, 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu urtean, irabaziak 150 milioikoak direlarik. Argi eta ozen esan behar da: “Eusko Labela” duten armak munduan bizi den heriotza-orgia honetako parte dira!

Ondorioak, zoritxarrez ezagunak dira (gerrak nonahi, heriotza nonahi). Errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA) esan duenez, azken hilabeteetan haur gehiago hil dituzte han, mundu osoan lau urteko gatazkan baino. “Gerra hau haurren aurkako gerra da”. Infantizidio sistematikoa. Armez eta gosez erailak. Eta hori guztia Mendebaldeko demokraziek babestuta, lagunduta. Guk ere bai. 

Giza eskubideen urraketa ere sistematikoa da, humanismoaren galera itzulerarik gabekoa, zibilizazioa aterabiderik gabe dago-eta biolentziaren labirintoan galduta. Balazta sakatu behar diogu eromen-tresna hau gelditzeko, elkarguneak bilatu salaketa egiteko…

Amaitzeko aitortza bat, gogorapen bat eta deialdi bat.

Aitortza Bakearen Artisauei (gaur sirena sakatu dutenak) bakegintzaren alde Iparraldetik egindako lan isil bezain konprometituagatik. Gogorapena Pablo Gonzalez (2022ko otsailaren 28tik atxilotuta dago epaiketa barik eta isolatuta) eta deialdia: Bihar, larunbata, eguerdiko 12etan Palestinaren elkarretaratzea egingo dugu.  

Gora Palestina

Gora Euskal Herria

Artxiboa

Gaiak