Japoniara mezua

Gernika memoriaren lekuko plataformako kide batzuk Japonian egon dira eta Hiroshimako Bakearen Museoan hurrengo mezua entregatu zuten:

1937ko apirilaren 26an, Gernika-Lumoko hiria ia osorik suntsitu zuen aire erasoak IIgarren Mundu Gerraren 6 urtetako apokalipsia iragartzen zuen eztanda izan zen, herioaren garaipena zekarren Gerra Totalaren ispilu izugarria. Faxismoaren garaipena Espainian, txikizioari, belaunaldiz belaunaldi jasan izan diren zigor gabeko zapalkuntza eta errepresioaz gain gezurraren bortxazko inposizioa ekarri zuten. Hamarkadetan zehar gure herria ez zela bonbardatuta izan, euskal tropek erre zutela indarrez ezarritako “egi ofiziala” eta bakarra izan zen. Baina galtzaileen gogoa ezin izan zuten gainditu eta horregatik Gernikako borroka Duintasunaren izenean, Memoriaren eta Egiaren aldeko borroka, bihurtu ziren; eta horregatik, gaur egun ere ahalegin hori dirauen bitartean, Gernikako Memoriaren eta Egiaren aldeko esfortzua, gaur egungo gure arteko beste “Gernika” guztien aldeko ahalegina ere bada: zapaldutakoen, galtzaileen, baztertuen ahotsaren aldeko borroka.

1945eko abuztuaren 6an eta 9an, zuzenean 80 milioi gizakien heriotza, milioika zauritu eta gaixo, belaunaldiak iraun zituzten zenbatu ezinezko kalteak, ekarri zituen Mundu Gerraren basakeri hura, sinestezina bazirudien ere, giza ankerkeriaren eta krudeltasun ahalmenak beste maila batera igon zuten Hiroshima eta Nagasakiren kontrako erasoekin mugarriekin amaitu zen. Japoniar hirietan jaurti zituzten bonba atomiko biak, jaurtiketaren egunetik eta hurrengo hilabeteetara (zauriak eta erradiazioak eraginda) 220.000 lagun baino gehiago hil zituzten, baina zaurituak eta gaixoak, sortutako kalte zenbatezinak, belaunaldiak iraun zituzten gaur arte. Baina heriotzaren garaipenaren aurrean bizitzaren alde, Hiroshima eta Nagasakin ere mina, oinazea eta suntsipenetik altxatu eta mundu baketsu eta zuzenagoa eraikitzeko gogoa, eskubidea, beharra aldarrikatu nahi izan da.

Zelako mundua izango litzateke geurea, gizaki batzuk besteen gain nagusitzeko, pertsonak eta natur baliabideak esplotatzeko, ase ezinezko harrapaketarako, metaketa zekena lortzeko erabiltzen diren errekurtsoak eta gogoak, ongizaterako, zaintzarako, zoriontasuna eta bizitzarako erabiliko balira.

Gernikako bonbardaketaren urteurrena ospatzen denean sarritan eduki ditugu japoniar ordezkariak gure artean. Balio ditzatela lerro xume hauek, zuenganako gure elkartasuna eta hurbiltasuna adierazteko, gure gogoetan zaudetela esateko, justizian eta elkartasunean oinarritutako bakea lortzeko zuen borroka gurea ere badela azaltzeko.

Gernika-Lumo, 2019. Guernica Gernikara. Gernika Memoriaren Lekuko plataforma: Lobak, Gernika Garretan, Sare Gernika-Lumo, IPES, Arrano Kultur Taldea eta Gernika Batzordea.

Artxiboa

Gaiak