2022 Kandelen Manifestazioa

Aurten 85 urte beteko dira Gernika bonbez suntsitu zutela. Gernikan bezala, Durangon, Legution, Otxandion…Euskal Herriak, beraz, badaki gerraren minaz eta suntsipenaz. Gernika-Lumok, lehenengoetariko izu unibertsalaren lekukoak, garrasi egiten jarraitzen du gizateria axolagabetasunaren lozorrotik esnatzeko eta ozen aldarrikatu nahi du gerrarekiko gaitzespenik sakonena. Era berean, bat egiten du sufritzen ari diren “Gernika” berriekin, beraz, Ukrainak bizi duen gerrarekin, ahaztu gabe isilean geratu diren Palestina, Kurdistan, Yemen, Siria (eta herrialde horietako migratzaileak).

Errusiak Ukraina erasotu du, gerra piztu da eta horren ondorioz milaka dira hildakoak eta milioika desplazatuak. Zenbakiak dira, zehaztugabeak, baina axola duten bizitzak dituzte atzean. Herritar horien guztien bizitzek dute garrantzia, eta herri horiek guztiek merezi dute bakea. Gizonek egindako gerrak dira, beren nagusitasun historiko eta hetero-patriarkala sustatzeko. Horregatik guztiagatik, lau aldarri egin nahi ditugu Gernikatik, apaltasun osoz, Euskal Herrirako, baina baita mundura begira ere:

Elkarrizketa. Militarismoan sakondu beharrean, armak beharrean, lanabesak nahi ditugu eskuetan. Lanabes horiek, hitzaren kultura ardatz, elkarrizketa eta akordioa dira. Gerrak gelditu ditzakegu, gelditu behar ditugu.

Bakea. Herriok eta herritarrok bakea behar dugu askatasunez erabakitzeko, herriaren proiektu politikoa garatzeko eta herritarren bizi egitasmoak gauzatzeko. Bakea behar dugu eskubide guztiak guztiontzat posible izateko.

Bizitza. Bizitza aldarrikatu nahi dugu, gerraren aurrean eta gerraren ondoren ere. Interes inperialistei erantzuten dieten suntsiketak herritarrok ordaintzen ditugu zuzenean eta baita zeharka ere, kapitalismo basatiaren adierazle garbia den pobretze bortitz eta orokorren bidez -langileak, emakumeak, migrariak, nagusiki. Bizitzak askatasuna eta berdintasuna izan behar ditu ardatz eta bizitzeko aukera hori aldarrikatu nahi dugu.

Burujabetza. Herrien burujabetzaren urratzea eta errespetu eza dago gatazka eta gerra askoren erdigunean. Horregatik dira soluzioaren muina. Euskal herriak ez du gerrarik nahi.

Bukatzeko, Gernika-Lumotik Ukrainako gerrarekiko gaitsezpenik irmoena berretsi nahi dugu, eta eskatzen dugu armak isildu daitezela hitzari bidea emanez. Euskal herriak gerrari ez esaten dio.

Oizmendi TBk bideo-kronika hau egin du Kandelen ibilbidea kontatzeko:

https://www.oizmendi.eus/herriak/21-berriak/kultura/3680-kandelen-ibilbidea-eta-kontzentrazioa-85-urteurrenean

Artxiboa

Gaiak