1940ko urriaren 23an, Franco Hitlerrekin elkarrizketatu zen Hendaian, Lapurdin, Frantzia eta Espainiaren muga lerroaren ondoan.
Franco, 1939ko apirilak 1etik gerra irabazita, Frantzia di-da batean harrapatu zuen Hitlerrekin hitz egiteko. Auzia, Espainia Ardatzeko Potentziekin (Alemaniako Hirugarren Reich-a, Italia faxista eta Japongo Inperioa) eta bere aliatuekin bat egingo zuen ala ez omen zen.
Elkarrizketaren emaitza ustez ustela, Francoren azeri senaren mitoa sendotu zuen, Espainiako neutraltasuna lortu ei zuelako… Egun jakin badakigu, Francoren balizko gaitasunaz gain, alde batetik, Hitlerrek ez zeuzkala horren argi Espainia gerran sartzearen abantailak, eta, bestetik, britainiarrek diktadorearen kontseilari eta hurbileko lagunen, jeneralak zein beste lehen lerroko arduradun politikoen poltsikoak, diruz bete zituztela Ardatzarekin biltzeko aukera ekiditeko.
Dena dela, ez ziren akordiotara heldu eta Espainia neutraltasun “hurbilean” iraun zuen II Mundu Gerra. Hurbila, zeren, naziei 1936ko gerra irabazten laguntzeagatik zorrak ordaintzeko, lehengaiez hornitu zuen haien industria (Bizkaiko burdina, tartean) eta espainiar erregimenaren mesedeak hainbat aldetan zabaldu zirelako: zerbitzu sekretuen, diplomazia eta laguntza poliziala; tropen bidalketa “bolondresa” (Dibisio eta Eskoadrila Urdinak) Sobietar Batasunaren inbasioa gertatu zenean… Gainera, naziek Europako mendebaldera gerra zabaldu zutela aprobetxatuz, 1940ko ekainean armada frankistak Nazioarteko Eremua zen Tanger marokoar hiria okupatu zuten, Marokoko Protektoratura bilduz, 1945 arte.
II.Mundu Gerra amaituta “Erregimenak” gorriak ikusten hasia zen. Urteak igaro zituen nazioartean isolatuta eta zigortuta. Baina, apurka apurka Gerra Hotzaren baldintza geo-estrategiko berriei esker, mendebaldar potentzien jarrera (Estatu Batuak aitzindari) aldatuz joan ziren. 1953an Estatu Batuekin hitzarmenak eta Vatikanorekin Konkordatuak amaiera eman zioten nazioarteko bakartasun horri, eta 14 urte beteta zituen “Erregimenari”, arnasa eman zion. Garai berrien ildoari jarraituz 1959an sinbolismoz betetako topaketa gertatu zen. Abenduaren 21an Francok hartu zuen Garaiko estatubatuar presidentea Madrilen. Nor eta Dwight D. Eisenhower, Ike, Normandian lehorreratuz Europa mendebala “askatu” zuten aliatuen indarren burua!