Guernica askatasun tresna

1937.urteko uztailean Pariseko esposaketa unibertsalean lehen aldiz aurkeztu zen jendaurrean Pablo Picassoren “Guernica” kuadroa; hilabete batzuk lehenago (apirilaren 26an zehazki) nazismoak, faxismoak eta frankismoak burututako Gernika hiriaren bonbardaketaren eraginez burututako suntsiketaren isla izan zen artelana, eta orduz geroztik sarraskiaren irudia bihurtu zen munduan barrena.

Hainbat herrialde bisitatu eta gero, New York-eko Moma museoan hartu zuen bere lekua margoak, 1981.urterarte. Nahiz eta Picassok estatu espainiarrera errepublika berrezarri arte ez ekartzeko borondate argia azaldu, urte horretako irailaren 10ean (gaur 39 urte) Madrilen lurra hartu, eta, gerora, bertako Reina Sofia museoan lekutu zuten. Eta orduz geroztik, bertan dago. Han. Madrilen. Reina Sofian. Monarkia parlamentario erregimen pean.

1981tik Espainiak, “munduko ordena onaren”ordezkari bezala, Erreforma-Transizio frankista santutzeko eta homologatzeko, bere erabilerarako bahituta duen ikonoa bihurtu dute. Gogora dezagun, orain egun batzuk Martin Villa Servini epailearen aurrean deklaratu behar izan duenean errepresio bortitzen erantzule gisa, bere burua defendatzeko, trantsizio hori goretsi izana (aurretik lau espainiar gobernu-buru ohien babes publikoarekin).

Beraz, zelan ahaztu Guernica Espaniara eramatea Transizio horren legitimazio osagarri garrantzitsua izan zela, eta espainiar agintariek horrela ulertu zuten eta ulertzen dutela? Carmen Calvok, -orduan Zapateroren Gobernuaren Kultura Ministroak eta gaurko Espainiar gobernuko lehendakari ordeak-, gure herrian, 2007an, Picassoren margoari buruzko antolatutako erakusketaren katalagoan zioen bezala:

“En 1981 llegaron a España el Guernica de Pablo Picasso y sus bocetos preparatorios. La excepcional pintura se convertiría en un icono de la recuperación de las libertades y en un símbolo de la transición política española”.

Gernikak, modu ezberdinez, Guernica kuadroa Gernikan, bere iturburuan, izateko aldarriari eutsi izan dio. Gernika Batzordearen sorreratik (izen deitura ezberdinez bada ere) 1976.urtez geroztik Guernica Gernikara presente egon izan den aldarrikapena dugu; baita Picassoren senitartekoekin hartu-emanak izateraino edota Madrilen kateatzeraino ere.

Gaurkotasuna eta zentzu politiko, sozial eta historiko bera du Guernica Gernikara aldarrikatzeak gaur, 2020an. Irailaren 10ean. Guretzako Guernica hori baino askoz gehiago delako. Guretzako Gernika-Lumo, gure herriaren esan nahi sinbolikoaren ezaugarriak askoz harago doaz. Gure historiaren gure Memoriaren guneetako bat da Gernika-Lumo, elkartasunaren bidez, mundura zabaldu nahi duguna, mundua gurera ere ekarriz.

Mundutik zehar beste batzuekin topatzea, hausnartzea eta elkarlanean aritzea nahi dugu, baina ez oinarri barik. Gernika Bakearen eta Kulturaren herria izan behar bada, gizakiontzat eta herrientzat Justiziaren, Egiaren eta Askatasunaren edukiekin eraiki behar dalako da. Guernica Gernikara aldarrikapenaren zergatia eta berezko esan nahia azaldu eta zabaldu eta ondorioz Zapalkuntzaren, Militarismoaren, Faxismoaren munstroei aurre egiteko tresna izatea nahi dugu. Ez dugu dudarik Guernica gure artean askatasun tresna eraginkorra litzatekeela. Eta horregatik inoiz baino ozenago Guernica Gernikara!