Gernika-Palestina. Elkartasuna-Askatasuna!

1948tik, hau da, orain 75 urtez geroztik, indar sionistek palestinarrak jazarri dituzte Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoz. Ia 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak izan ziren haien bizileku eta lurretatik urte haietan, 400-600 herri suntsituz bidean: konfiskazioak, herrien izen aldaketak, bertako ekosistema aldatzeko landaketak… bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko.

Politika anexionistari eutsi diote modu ezberdinez, ordutik; Palestinako herria bake eta konponbide ezera kondenatuz. 5000 bat preso palestinar daudela gogoratu behar dugu, egun hauen aurretik jada, Israelgo espetxeetan gatibu dituztenak.

Eta azken egunetan bizitzen ari direna Gazan, Nakbaren pareko egoera bezala deskribatu beharrean gaude: 2Miloi eta erdiko biztanleria duen zonaldea desplazatu, setiatu, erbesteratu eta etengabeko bonbardaketa eta erasoen bidez desagerrarazi nahi duelako Israelgo estatuak.

Izan ere, Gaza bonbaz jostea, 16 urtez aire-kartzela bihurtzea, Jerusalemen tirokatzea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero-egunero metrailaz apuntatzen eta umiliatzen dituen kolonia israeldar bat sortzea, bertakoak izan arren umiliatzeko helburu bakarrarekin check-point amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, kolonoek lurrak eta ondasunak okupatzea eta lapurtzea, odol-isuria edo-nolaz justifikatzea eta ostean begiak ixteari ezin zaio eskubidea deitu. Ez. Herri bat desager arazteko urteetako garbiketa etnikoa egiten dago Israelgo estatua. Zelan deitu bestela urte honetan urria arte ia 300 palestinar erail izana bada?

Aitzitik, azken egunetako goranzko eskaladak aurrekari zailak ditu. Hamasek egindakoei erantzun gisa, Israelen ekintza militarrak giza hondamendi bat sortzen ari dira. 2500 gora hildako (horietatik 800dik gora haurrak), 10.000tik gorako zauritu, milaka desplazatu dira jada Gazan.

Elikagaiak, ura, gasa eta argi indarrak etetea, ospitaleak funtzionatzea galaraztea, errefuxiatu zelaiak bonbardatzea, haien etxeetatik alde egiten dauden exiliatuak bidean erail… ustezko “setio testuinguruan” ez dira bakarrik nazioarteko legedien zapuzketa, baizik eta oinarrizko giza eskubideen erabateko urraketa dira. Ekintza gizagabe hauek herritar xeheek ordaintzen dituzte, eta genozidio baterantz kokatzen ditu.

Israelgo estatua Palestinarren bizitza bera kolokan jartzen ari den honetan lotsagarria da Europako agintari ugarik aurkeztu dituzten jokabideak: kale-protestak kolpatu, atxiloketak eta Palestinako banderak debekatzea larria bada ere, are gehiago da Europar Batasuneko agintariek azken egun hauetan aurkezturiko posizioa: Ursula Von der Leyen-en bisita ikustea baino ez dago Israelgo interesak, -eta bide batez Europako elite ekonomiko eta armamentistikoenak ere- defendatzera baino ez joan izana- Palestinarekiko, hauen herritarrekiko, inongo begirunerik izan gabe. Ez gure izenean!

Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egia zentsuratu eta okerrena, herriari sustraiak moztu. 2.000 urteko sustraiak moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala.

Hamarkadetako gatazka luzea da, zalantzarik gabe. Eta bere soluzioa okupazioa eta apartheida amaitzetik hasita, Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko eskubidetik pasatzen da, halabeharrez.

Palestina, gernikarrok sentitzen dugu bai, zure mina. Eta beste behin ere zure ondoan gaude.

Gora Palestina askatuta!

Artxiboa

Gaiak