Urriaren 19tik 23ra ospatzen da aurten Frankfurteko nazioarteko liburu azoka, munduko handienetako eta garrantzitsuenetakoa. Aurtengo ohorezko gonbidatua Espainia da. Herrialde gonbidatua izateagatik leku zabalagoa utziko diote azokan bere literatura produkzioaz gain, kulturarena ere erakusteko. Espainiako kultur erakundeek, Kultura Ministerioak eta harekin lotutako espainiar agentziek, institutu eta enpresa publikoek, argitaldarien elkarteek, ilustratzaileak, eragileek… Espainiako literaturaren eremua aurkeztuko dute (teorian estatuko hizkuntza guztiei lekua eginez, baina jardunaldien manifestuan esaten denez, praktikan, espainolez egiten denari protagonismo osoa emanez); eta, gainera, horrekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera artistikoak antolatu dituzte Sormenez gainezka lelopean.
Alemaniar-euskal jendeak bultzatuta, makro-ekimen ofizialari beste begirada bat zuzendu nahi zaio: Beyond Spain, Espainiatik harago ekimenaren bidez ikuspegi kritiko eta eraldatzailea sustatu nahi dute, Alemaniako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako idazle, historialari, hizkuntza eskubideen aldeko aktibistak, eta herri taldeen lagunak, gonbidaturik. Jardunaldi kritikoa, Espainiako “pluraltasunaren” alderdi ilunak azaleratu eta erakusteko asmoa duelako. Eraldatzailea, ekimen alternatibo bezala, kultur eta literatur sorkuntzarako nahiz hizkuntzen eta hizkuntza eskubideen aldeko ideia demokratiko, antifaxista eta anti-kolonialetarako gune bat eskaini nahi duelako. Hain zuzen, Espainiako programa ofizialetik harago Galizako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko hizkuntzei, kulturei, literaturei eta aktibismo politikoari buruzko beste errealitate bat erakutsi nahi da gune honetan.
Espainiar programazio ofizialaren kasuan bezala, kasu honetan ere, eskainiko diren egitasmoak anitzak eta aberatsak dira: hitzaldi eta eztabaida politikoak, literatur topaketak, irakurketak eta kontzertuak izango dira. Ekitaldi kulturalak, produkzio literarioa eta aktibismo politiko sozialari lekua eskaini nahi zaie: hizkuntzaren normalizazioaz, zapalkuntzaz, Memoria Historikoaz, kolonialismoaz eta Erabakitzeko eskubideaz hitz egingo da… Eta argitaletxeek, fundazioek eta erakundeek euren argitalpenak aurkezteko aukera izango dute.
Elkarte, egile, sortzaile, ahots eta mintzaira ezberdinak… Egiari Zor, Assemblea Nacional Catalana, Vía Galega, Euskal Memoria, Gure Esku, Madrileños por el Derecho a Decidir, Izquierda Castellana, Laura Mintegi, Raul Zelik, Ane Muguruza, Edorta Jiménez, Kirsten Brandt, Iñaki Egaña, La Basu, Fito Rodriguez… Gazteleraz, euskaraz, alemanez, galizieraz, katalanez hitz egingo dugu… Dugu, gu ere, Gernika Memoriaren Lekuko plataforma gonbidatu egin gaituztelako, Memoriaz eta Askatasunaz, hitz egiteko. Guernica Gernikara herri aldarrikapenaren balioak azaltzeko, eta, batez ere, Espainiatik at, beste ekosistema oso bat zabaltzen dela esateko:
Pirinioetako iparraldeko haranetatik mendebalde, ekialde eta hegoalderantz, Atlantikoko eta Mediterraneoko itsasoetaraino, Espainiako estatukoaz gain, beste lautada, mendi, erreka, ibai eta ohian badaudela, beste landare eta abere espeziekin; beste esku batzuk lantzen dituztela soloak, larreak, fruitu zuhaitzak, basoak, ibai ibarrak eta itsaso bazterrak eta ur sakonak; eta lurralde ezberdin horietan izen ezberdinekin izendatzen dituztela hango landare eta abereak. Kontua da, gainera, badagoela estatu espainiarraren mugetatik haragoko lurralde horietan txori oso berezi bat: Txori hori, zorigaiztoaren eta minaren grisa eta beltzetik altxatu zen egun batean eta bizitzaren kolore biziekin luma berriak apaindu eta abesten zerurantz altxatu zen. Eta espezie bereziko txori horren ezaugarri koloretsuak azaltzera goaz, Gernika Memoriaren Lekuko plataformakook Frankfurtera, datorren urriaren 19an.
Gure iritzi eta hausnarketa komunikabideetara zabaldu dugu eta hainbatetan, argitaratua izan da:
https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/gernika-frankfurten#.Y0-WaSKbsMc.twitter
Frankfurten, jardunaldian, gure kidea den Jon Argintxonak parte-hartu du: bai iniziatibaren aurkezpen publikoan eta bai gure ponentzia baten azalpenean: “Picassoren Guernica. Gerlaren aurkako artelana”.