Gernika Batzordearen ikus-entzunezko emanaldiak

Behin Gernika Batzordearen ibilbidea kontatzen duen ikus-entzunezkoa estreinaturik (2021ko urriaren 22an Lizeo Antzokian), eta Durangoko Azokako Irudienea gunean aurkezturik (2021ko abenduan) solasaldiak antolatzeko eta tresna izaeraren adibide praktikoa izateko bideari ekin diogu.

2022ean zehar zenbait emanaldi burutu ditugu:

Etxebarrian, Ahanzturaren Oroimena 1936 elkartearekin batera, otsailaren 19an:

Beste saio bat Lemoan burutu dugu; Lemoako udalarekin elkarlanean, eta bertako 85.urteurreneko egitarauaren baitan, ikus-entzunezkoaren emanaldia egin genuen Kotxepin kultur aretoan, martxoaren 10ean, jende mordoaren aurrean. Lan itzela egiten ari dira bertako herritarrak herri-memoriaren eraikuntzan eta zinez pozgarria da holako egitasmo batean parte-hartzea.

Martxoak 30: Gasteiz-Gernika, bi hiri memoria bakarra. Gaur Martxoak 3 elkartearekin memoria gunean izan gara #GernikaBatzordea ikus-entzunezko emanaldian. Zaramaga langile auzoan, haien memoria bizirik dirauela erakutsi digute aurretik, eta oso emankorra izan da.

Bilbo Zaharreko Xake espazioan egin dugu emanaldia ere, ekainaren 9an (osteguna) EHBildu Bilbok antolaturiko memoria astearen baitan. Xake espazioa auzogintza lantzen duen gune kolektiboa da; gainera, Bilbo zaharra memoria handiko lekua izanik, are pozgarriagoa izan da gure parte-hartzea bertan, eta, horrela, crowfunding-ean emanaldi baten truke emandako diru-ekarpenarekin harturiko konpromisoa bete dugu. Denok pozik, beraz!

Irailaren 1ean (Irun bonbardatu zuteneko 86.urteurreuna) Bidasoako Kepa Ordoki memoria elkartearekin ikus-entzunezko emanaldia egin genuen Irunen ere. Aurretik, Kepa Ordokiko lagunek Irungo eta Gernikako bonbardaketen hainbat datu eman zituzten hitzartzean ere.

Azaroaren 5ean, eta LLeidarekin dugun senidetzearen baitan, ikus-entzunezkoaren emanaldia egin genuen La Baula ateneoan (Lleida). Berrikuntzarik nabariena, katalanez azpi-titulaturik dugula jada, eta lehen aldiz ikusarazi genuela bertan.

Azkenik, Beran (Nafarroan) izan gara azaroaren 11an. Besteak beste, Aitor Elexpuru alkatearekin memoriaz gogoetatu genuen, lan handia egiten baitaude herrian arlo honetan.

Dokumentalaren azpi-tituluekin murgilduak gaude. Gazteleraz eta katalanez ikusgai dago jada gure youtube kanalean. Eta aurki alemanieraz, frantsesez eta ingelesez egongo da.

Busturialdeko HItzak jaso du lanaren ibilbide-kronika. Hemen irakurgai:

2023an kontakizun kaleidoskopikoak aurrera darrai, eta, martxoaren 22an (asteazkena) Arrigorriagan izan gara bertako Kultur etxea berrian – Edurne Garitazelaia izenekoa- Malmasin memoria elkartearekin batera:

Artxiboa

Gaiak