Gernika Batzordearen lehen ekimen publikoa 1976ko apirilean izan zen, bonbardaketaren 39. urteurrenarekin batera. Hainbat gernikar denbora generaman elkartzen, baina ezin izan genuen publikoki azaldu Franco hil arte; izan ere, bonbardaketaren afera gai labainkorra zen, eta publikoki gezur ofiziala biluztera ausartzen zen edonork, errepresioa eta kartzela jasoko zituen ordainetan.
Gezur ofizialak 1937ko apirilaren 27an izan zuen iturburua, armada frankistaren Estatu Nagusiak iragarrita Burgosko egoitza zentraletik. Bertan, euskal gudari eta errepublikarrei leporatzen zieten Gernikaren suntsiketa.
Nahiz eta George Steer bezalako kazetariek apirilaren 28tik bertatik mezu frankista gezurtatu, inork ezin izan zuen mezu ofiziala eztabaidatu eta desmuntatu 40 urtean, eta bonbardaketa eta haren erantzuleak isilune luzean estali ziren.
Gernika Batzordearen lehen eginkizuna gezur ofiziala biluztea izan zen, eta hiru aldarrikapen nagusi barnebiltzen zituen manifestua kaleratu genuen:
- Bonbardaketaren aitortza historikoa eta erantzukizunen exijentzia.
- Gernika-Lumo kultura eta bakearen hiria izendatzea.
- Picassoren Guernica koadroa Gernikara ekartzea (Guernica Gernikara).
Eta horrela, herri aldarrikapenak bideratzeko bitarteko bihurtu ginen.
Geroztik, urte luzeetan, ekimen, egitasmo eta jarduera anitzak garatu izan ditugu; jende asko, eragile anitz eta instituzio ugarirekin aritu gara elkarlanean. Ez genuen behar bezala jaso horien guztien berri; ez ditugu, tamalez, dokumentu, argazki eta agiri guztiak bilduta.
Aitzitik, ditugunak herritarren eskura jartzeko asmoa izan dugu beti eta, 2019az geroztik, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak (Gernika Batzordea partaide dena) martxan jarritako atari honen bidez, dugun dokumentazioa erabilgarri izateko lanari ekin diogu.
Ikusgai, aztergai eta erabilgarri dituzuen lanak Gernika Batzordeak egindako lanaren lagin bat dira, hortaz. Norbanako eta eragile ugariren lan-ekarpenez osotuak. Guretzat, beraz, balio handikoak dira, eta espero dugu atari honetara sartzen den ororena izango direla ere. Garaian garaiko testuinguruaren betaurrekoekin begira ditzagun, otoi. Memoria, geure herriaren bilakaerarekin hertsiki lotua egon delako, eta, aurrerantzean ere, egongo delako.
Memoria egiten jarrai dezagun, Gernika-Lumotik.