Gernika 87 egitarauaren balorazioa

Maiatzaren 6an amaitu genuen egitaraua, azken ekimenarekin; eta, ondoren, balorazio bilera egin genuen Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak. Ondorio batzuk atera genituen, balantze gisa, eta lerro hauen bidez partekatzera gatoz:

1.- Egitaraua antolatzerakoan, kontzienteak ginen egun-marjina gutxiago izango genuela aurten (hauteskundeak baldintzaturik, nagusiki). Baita ere, aurreko urteetako balorazioak presente genituen (ekintza asko egiteak duen eragina, zentzu guztietan).

2.- Bi ardatzek blaitu dituzte gure aurtengo egitaraua: kulturak (artea, sorkuntza) eta gaur egungo egoerak bultzaturiko gai ezberdinen salaketak. Ekimen ezberdinen bidez islatu dira: Ibarrekolandako ikasleen antzerkia, Gernika Garretan herri antzerkia, Manttalingo alaba emanaldia, Nestor Basterretxearen omenaldia, lehenengoari begira; eta, Palestinari elkartasuna, Bakearen Artisauei aitortza, Pablo Gonzalezen askapena, bigarrenari dagokionez.

3.- Ekimenok, memoriaren fokua zabaltzen lagundu digute, efemeride nagusiak azpimarra eta eguneraketa izaten jarraitzearekin batera (sirenak, 4 minutuak, euskal artisten Guernica koadro koloretsua, kandelen manifestazioa, Lleidakoekin senidetzea), eta kaleko ekimenek protagonismo bereziagoa hartu dute, horrela. Gainera, erantzun oso positiboa jaso dugula ikusi dugu, parte-hartze aktibo handiarekin. Aipamen berezia egin nahi dugu gazteen parte-hartzea areagotu dela horrela, eta asko pozten gara horregatik.

4.- Gauzak horrela, Gernika eta bere memoria oso bizirik eta erpin askorekin garatzen dela sentitzen dugu. Oso modu irekian gauzatzen da, eta, horren partaide izateak harrotzen gaitu, zinez.

5.- Aipamen berezia egin nahiko genioke jasotako laguntza guztiari, hori barik ezinezkoa litzateke horrelako egitarau zabal bat aurrera ateratzea-eta: Kultur etxeko zuzendariari, udal eta kultur etxeko langileei, espazioetako kideei (Lizeo antzokia, ASTRA), bolondres lanak egin dituztenei eta egitarauan partaide izan zareten guztioi.

Gernika-Lumon, 2024.eko maiatzaren 8an

Busturialdeko Hitzak jaso du gure balorazioa kronika honetan:

Artxiboa

Gaiak