Gaur arrazoi gehiagorekin: Guernica Gernikara!

Europako tirabiren aurrean, karguak eta aurrekontuak direla eta, Pedro Sánchez Espainiako gobernuaren Presidentea eta Giuseppe Conte Italiako Lehen Ministroa bildu dira Madrilen. Agenda luze eta korapilotsuak, eztabaidak, elkarren arteko informazioa, esku luzatzeak, irribarreak, ahopeko komentarioak, urruneko keinuak, agur beroak; hedabideak, bideo irudiak, argazkien flashak, protokolo-arduradunen eta langileen ajeak eta korrikaldiak banbalinen artean…Eta irudietarako markoak, antzestoki egokiak, dekoratu itxurosoak.

Eta zer aproposago, zer hunkigarriago gobernu goi mailako horrelako bilkura baten eszenatokia izateko Picassoen Guernica baino… Ze gizon zintzoak Sánchez eta Conte! Mendeetan zehar migranteen sehaska eta inperio kolonialen sorburua izan den Europa honek bere mugak lotsagabe itxi dituenean, Mediterraneo hilobi erraldoia bihurtuz; Europar Batasunak Ekialde Hurbilean zein Afrika edo Hego Ameriketan multinazionalen interesen aldeko politikak egiten dituenean; berezkotzat eduki dituen elkartasuna, babesa, demokrazia eta askatasunaren balioen defentsari, faltsukeri ziniko osoarekin, behin ere, uko egin dionean, palestinarrak, saharauiarrak, kurduak, siriarrak, bolibartarrak … Berriz bazterrean utzita… Hara nola, europar agintari bikotea, Memoriaz, Askatasunez, Egiaz eta Justiziaz mintzatuko diren zintzoki Picassoren margoari erreparatzen, gerraren izugarrikeria gaitzesten… 1981tik Espainiak, “munduko ordena onaren” ordezkari bezala, Erreforma-Transizio frankista santutzeko, bere erabilerarako bahituta duen margoari begira.

Eta argazkitan heltzen zaigun gezur multzo nazkagarri horri begiratzean, norberari burura datorkiona: zer izan zitekeen Guernica Gernikan!

Artxiboa

Gaiak