Euskal Herriak NATOri EZ!

Aurten 40 urte bete dira Espainia NATO erakundean sartu zela eta, horren karietara, Madril izango da “gailurra” deitzen duten bakanal armamentistikoaren anfitrioia. Bide batez, Europarako atea zaintzen duen txakurra sarituko dute, Espainiak migrazioaren gainean hartu dituen neurri gizagabeak babestuz eta Saharauiar herriari egindako mespretxuari “mendebaldearen” adostasuna erakutsiz.

Gailur horrek, edozein modutan, ikuspegi beldurgarriak baino ez ditu eskaintzen; eta hori zuritze aldera edo, Espainiako Sanchez presidenteak NATOren zereginak zerrendatu ditu: “Giza segurtasunaren esparrua, klima-aldaketaren aurkako borroka eta emakumearekin, bakearekin eta segurtasun-agendarekin zerikusia duten gaiak barne hartuko ditu, datozen hamarkadetan ezinbestekoak izango baitira segurtasunerako eta egonkortasunerako”. Sarkasmo nazkagarria da, horiek, areago, gerraren jainkoaren aldarean emango diren eskaintzak diruditelako.

NATO erakunde siniestroa da; dirutzak eta baliabideak xahutzen dituen erakunde zitala da, arma-gastua “justifikatuko” duena etsai berriak sortuz, heriotza berriak eraginez. Eta dena da mendebalde aurreratuaren izenean eta horien nagusi diren korporazioen interesen alde. Herri askoren bizimodua hipotekatuta dago amaigabeko “eskalada” belizistan. Segurtasuna eta egonkortasuna (merkatuena, jakina) da mantra errepikaria. Zibilizazio gisa premiazko zereginak ate joka ditugunean betikora lotu nahi gaituzte; gerrara. Oraina birpentsatzen hasteko ordua heldu zaigunean etorkizun hobeago bat planifikatzeko, hurkoekiko eta naturarekiko harremanen paradigma berri bat sortu beharra dugunean, NATOk heriotza eskaintzen digu, berriro.

Bada, oraingoan ere Gernikatik ezetz esaten diogu gerrari, ezetz esaten diogu NATOri. Ukraina eta Errusiaren arteko gerrari ezetz esateko eman genituen arrazoi berdinengatik: militarismoan sakondu beharrean, armak beharrean, lanabesak nahi ditugulako eskuetan; hitzaren kultura ardatz duen gizarte aske, burujabearen alde egiten dugulako, herrien burujabetzaren urraketan baitago gatazka askoren muina.

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu Picassoren Guernica koadroaren aurrean gerraren aurkako ekintzaile batzuk egindako protesta. Koadroari merezi duen balioa eman diote, gerraren aurkako oihu latza baita. Agian Madrilen bilduko diren gerrako jaunak kapazak dira koadroaren aurrean jarri eta flashekin bonbardatzeko, baina, ulertuko al dute gudariaren ezpata hautsitik ernaltzen den lorea?

Artxiboa

Gaiak