“Ez dezagun utzi gure ordez, gure historia idatz dezaten. Guk ere badaukagu zer esana gure iraganari buruz”
Tomas Urzainki
Gure ustez euskal historiaren alderdi batzuk beste modu batera begiratzea mereziko luke, iraganari beste galdera batzuk eginez; horiek dira, hain zuzen gure proposamenak, eztabaida historikoa, eta gure identitateari buruzko debatea aberasteko nahia. Gure iraganaren narrazioa eta gure identitatearen ezaugarriak, neurri handi batean, guk baino, beste batzuek idatzi dute, Euskal Herritik kanpoko ezagutza zentruetatik. Eta gure mendeetako menpekotasun politikoak, gure izaeraren narrazioa kanpoko beste botere gunetan ezarritako lerroen nagusitasunaren menpean idaztera eraman gaitu. Horrek ez du esan nahi orain arte garatu diren diskurtso historikoak gezur borobila izan behar dutenik. Baina ukaezina da, azterketa egokietan oinarrituta, diskurtso horrei kritika egitea zilegi da oso. Eta ez gara ezagutza zientifikoaz ari (bakarrik). Iraganaren eta identitatearen idazketari buruz ere ari gara. Materia historikoaren bidez egindako Historiaren narrazioaz ari gara, kapitulu nagusien, ardatz nagusien definizioetaz eta azalpenetaz. Eta zelan, gure historiaren lerro nagusi horiek (gogoratu dezagun, gehienbat kanpoko autoritateek ezarrita dirala) gaur egun ere, euskaldunok gutaz daukagun gure ikuspegia, gure izaera, gure etorkizuna mugatzen dituzten.
Zehazki, Gernikako Hiri Gutunaren 650garren urteurrenaz baliatu nahi izan ginen orain arteko narrazio ortodoxoaren lerroei zuzenketa batzuk eta kritikaren tresna zorrotzaz zuzenketa batzuk egiteko.
Gernika, Busturialdea, Bizkaia eta mendebaldeko euskal lurraldeak Nafarroako erresumaren historian kokatu nahi izan genuen. Ez dalako kasualitatea, dokumentazioaren bidez ezagutzen dugun Bizkaiko lehen jauna, Enneco Lupiz Ezkerra (Iñigo López de Haro gazteleraz) ziurren nafar jatorrikoa bera, Nafarroako Gartzea IIIgarrenaren Santxez Naiarakoa eta Antso Gartzez Peñalengoaren erregeen menpeko kontea izatea urte luzeetan). Ez dalako kasualitatea 1051ko Kukullagako Donemiliagako Becerro galicanoren dokumentuan, Gernika eta Busturialdeako zenbait tokietako lehen aipamena direnak, Gartzea IIIgarrenaren erabaki baten agiria izatea, Gernika, Busturialdea, Bizkaia eta Naiara zein Donemiliaga Iruñako erresumaren lurraldeak bait ziren… Eta ez da kasualitatea, Ereñozargo Migel Deunaren baselizaren inguruan egindako indusketetan kokaleku zaharrenaren aztarnak XIgarren mendeko gaztelu batenak izatea…
Bere mendebaldeko lurraldeen eraldaketak Erdi Aroan, Gaztelaren presioenpean, eta, Euskal Herriko historiaren ardatzetako bat den Nafarroako Erresumaren bilakaeraren testuinguruan, Gernika-Lumo eta Busturialdearen orduko historiari hurbiltzeko ahalegina izan zen, hitzaldi honen helburua. 1366ko Gaztelarekin (eta Espainiarekin gero) gure loturak azpimarratu diren bitartean Nafarroaekin gure loturak, nafar gure izatea azaltzea eta ezagutaraztea falta izan zaigu. Hizlariak berak erabiltzen dituen terminotan gure “deskonkista” bultzatzeko ahaleginak egin beharrean gaude.