Kazetaritza atzo eta gaur gatazka lekuetan
Eguna: 2018/06/25
Ordua: 19:00
Lekua: Astra
Antolatzailea: Ipes

Esteban Erkiaga Basaraz (1905ean Laukizen jaioa), Lauaxeta, Gernikako bonbardaketaren ondorioez argazkiak egin nahi zituen kazetari frantses bati laguntzera joan zen. Faxistek preso harrapatu eta Gasteizera eraman zuten. Heriotza-zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten 1937ko ekainaren 25ean. Heriotzaren zain zegoela gaurko egunera iritsitako idazki hunkigarriak idatzi zituen:

Goiz eder onetan erail bear nabe

txindor baten txintak gozotan naukala?”

Lauaxeta, Azken oyua 1937

Gudaria, hizkuntzalaria, literaturgilea, kazetaria. Figura honek erpin eta ikuspegi ezberdinetatik Euskal Herriaren oroimen testuinguruarekin konektatzen gaitu; atal historiko, kultural eta politikotik, besteak beste.

Lauaxeta-ren itzala ardatz harturik gogoeta berri baterako espazio ireki nahiko genuke: Gernikaren bonbardaketa eta bere zabalpen guztiak historia garaikideko gaurko post-truth-aren lehen esperimentu bezala koka dezakegu, eta efemeridea probestu nahi dugu atzo eta gaur kazetaritza eta komunikabideen paperaz gogoetatzeko edozein gatazka testuinguruetan.

Horregatik, ekainaren 25ean (astelehena, Gernikan) arratsaldeko 19tatik aurrera ASTRA Gernikan hausnarketarako gune bihurtu nahi dugu. Bi bloketan banatuko genuke saioa:

  • Ane Irazabal kazetariari elkarrizketa skype bidez (30-40 minututakoa).
  • Txente Rekondo nazioarteko adituari elkarrizketa ( 40 minututakoa).
  • Beñat Zarrabeitia kazetaria izango da bien elkarrizketatzailea.

Gotzon Barandiaran idazlearen ekarpen literarioarekin uztartua izango da saioa, gainera.

Memoria nondik gatozen jakiteko ardura, gaurko errealitatea interpretatzeko erraminta, baina, batez ere, biharkoa eraikitzeko ezinbesteko lanabesa da. Memoria egiten jarrai dezagun  goiz eder onetan….