Ibilbidea kandelekin
Eguna: 2021/04/26
Ordua: 20:00
Lekua: Foruen plaza
Antolatzailea: Gernika Batzordea

MEMORIA, YALGI ADI PLAZARA

Une latzak bizi doguz, baaina memoriaren keak, mariñelen itsasargiak bezala, bizitzaren nabigazioan gidatzen gaitu. Eskerrik asko Jon.

Ez dira betiko garai onenak… udaberri berririk ez guretzat. Horrela dio Ertzainak taldearen Aitormena kantak. Gernika Batzordeak, gaur, aitortu behar du errazena ahaztea dela; baina hala ere ez dugu ahazten, eta ez dugu ahaztuko.

Bizi dugun ezohiko egoera honek ez gaitu helburuetatik desbideratu. Zaintza, ezinbestez, erdigunean jarri behar dugu une honetan; memoriak ere badu zaindu beharra, baina tutelarik gabe, patrimonialismorik gabe. Ez dago itxitura perimetralik memoriarentzako; gorriz dago, bai, memoriak gorritik asko duelako.

Bai, memoria zaindu behar dugu isiltasunaren konspiraziotik, autozensuratik eta indiferentziatik. Memoria ostu, debekatu eta orain konfinatu nahi izan digute. Doktrina ofizialak konfinatu nahi izan du, eta giltzapetuta mantendu, adimenak kolonizatuz. Memoria egunero eraikitzen dugun babes-egitura da, eta osasuntsu behar dugulako, horren gaineko narratiba nagusia deseraiki behar dugu eta horrekin batera ezarritako, inposatutako isiltasuna ere deseraiki. Zer zentzu du ba narratibak, errelatoak, hori gezurtatu ezin badugu?

Ba, iturri bakarretik edateko garaiak iragana dira. Ubide askotatik datozen korronteek eratzen dute, gaur, gure memoria. Eta zentzua emoten diote gure izanari (gero eta anitzagoa den mundu honetan), irmotasuna gure identitateari eta koerentzia gure jardunari.

Gure memoria eta gure memoriak Sahara, Kurdistan, Palestina, Catalunya eta abar luzea geure fabriketan sortutako armek zapalduak, hain zuzen ere. Asko dago esateko oraindik, asko egiteko, beraz…

Memoria, yalgi adi plazara.