“GERNIKAK” 2020
Eguna: 2020/04/25
Ordua: 20:00
Lekua: Jai Alai pilotalekua
Antolatzailea: Gernika garretan

Zuzendariaren hitzak

Gernikako herria euskaldun guztiontzat zerbait berezia izan da beti. Gure imaginarioan historikoki eta sinbolikoki indar berezia daukan herria da. Gernika Garretan elkartekoek eskatu zidatenean herriarentzat ikusgarri bat sortzea, ez nuen duda izpirik izan eta baiezkoa eman nien. Gernikaren inguruan, hainbat liburu idatzi dira, artelanak, filmak, abestiak ere egin izan dira eta artista bakoitzak bere ikuspuntua adierazi izan du. Niretzat orain, Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa, ikusgarri batetara eramatea errespetuz eta anbizioz beteko dudan erronka izugarri ederra da. Kontuan izanda gainera, herritarren eskakizun batetik sortua dela, eta herritarrekin batera partekatuko ditudala nire egitasmoak. Herri antzerkia eta garaikidetasuna eskutik emanda joango dira. Erronka polita dugu aurrean. Azkenean, artearen bitartez, zauriak igurtzi eta minak baretu ditzakegula ezin dugu ahaztu. Eta batez ere, gizajendeak eta herritarrak elkartu.

Bere garaian bonbak erori ziren Gernika herrian, oraingoan, kontzientzia kritiko eta aberats bat eraikiz, herritarren gain elkartasun eta maitasun istorioak erortzea nahiko nuke, munduan gertatzen diren izugarrikeriak egunen baten desagertuko direnaren esperantzaz.

Ander Lipus