Eduardo Galeano: Gernika

“Paris, 1937ko udaberria: Pablo Picasso esnatu eta irakurtzen ari da.

Egunkaria irakurtzen gosaldu bitartean, bere tailerrean.

Hoztu egin zaio kafea kikaran.

Hegazkineria alemanak birrindu egin du guztiz Gernika hiria. Sutan zen hiritik ihesi zihoan jendetzari jazarri eta metrailatzen jardun dute hegazkin naziek, hiru orduz.

Franco jeneralak segurantzia osoz dio Gernika dinamitari asturiarrek eta lerro komunistetan baturiko piromano euskaldunek kiskali dutela.

Bi urte geroago, Madrilen, Wolfram von Richthofen, Espainian diren gudaroste alemaniarren burua, Francoren ondokoa da garaipenaren oholtzan: espainiarrak akabatuaz, datorren bere mundu-gerra prestatzen aritu da Hitler.

Urte ugari geroago, New Yorken, hitzaldia ematen ari da Colin Powell, Nazio Batuetan, Iraken berehalako suntsiketa iragartzen.

Mintzo den bitartean, aretoaren atzealdea ezin daiteke ikusi, Gernika ezin ikusi, beraz. Hormaren apaingarri, Picassoren koadroaren kopia oihaltzar urdinaz estali dute guztiz. Sarraski berri bat aldarrikatzeko lagunik egokiena hori ez dela erabaki dute Nazio Batuetako agintariek.”

https://ekarriak.armiarma.eus/zizkak/?grass001

Eduardo Galeano
Ispiluak liburuko pasartea
Txalaparta, 2013
Euskaratzailea: Xabier Alegria

Artxiboa

Gaiak