2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak ere bultzatzeko.
Horrela programa orokor bat egin eta zabaltzea lortu zen, beti talde bakoitzaren autonomia eta nortasuna errespetatuz, edukiei zein hedapenari buruz. Elkarlan hori ahal bezain anitza eta zeharkakoa izatea zen ekimenaren helburua eta, informazioa zabaldu zein Kultur Etxeko arduradunekin zuzeneko komunikazioa zaindu egin ziren. Gure herrian aipatutako arloetan dabiltzan talde guzti-guztiak ez zuten ekimenarekin bat egin, baina giroa, orokorrean, plurala eta zabala izan zen.
Hurrengo urterako zenbait taldeen arteko komunikazio mailako harremana mantendu ba zen ere, oinarrizko talde multzo bat bildu ginen finkatutako helburu bi elkartuta aurrera eramateko: Gernika-Lumo Memoriaren Lekua bezela, euskaldunontzat eta nazioartean duen izaera eta garrantzia azpimarratu, nabarmendu eta landu, eta, aurrekoarekin guztiz lotuta dagoena, Guernica margoa Gernikara ekartzeko ekimena bultzatu, eta, maila guztietan, horren inguruko eztabaida publikoa piztu. Horrela sortu zen Arrano Kultur Taldea, Ipes, Sare Gernika-Lumo, Lobak, Gernika Batzordea eta Gernika Garretan osatzen duten Guernica Gernikara. Gernika Memoriaren Lekuko elkarlanerako espazioa. Eta horrela sortzen da gaur aurkezten dugun ekimen hau, web orrialde hau, gure hausnarketa eta elkarlanaren emaitza, eta aldi berean, Gernika, Euskal Herriko historiarentzako eta leku-izen sinboliko bezala daukan garrantzia dela eta, hausnarketa eta elkarlan orokor eta zabalago baterako tresna moduan.
Apirilaren 1a aukeratu dugu aurkezpen hau egiteko. Eta aukeratu dugun data hau ez da kasualitatea, gure ekimena neutrala ez den moduan.
Badira 80 urte, 1939ko Apirilaren batean, Franco Generalisimoaren Kuartel Nagusiak 1936ko gerraren amaiera adierazten zuen azken partea argitaratzen zuela. Partearen idatzia laburra eta hotza da baina, bere laburtasun horretan, IIgarren Errepublikaren Gobernuaren kontra matxinatu zireren traizioa estaliz eta ilunduz, iraultza arrotz gorriaren kontrako, Anti-Españaren kontrako, Gurutzada handiaren testuinguru osoari azkeneko zilegitasunaren gaina ezartzen zaio.
Testuak dino:
“Parte Oficial de guerra correspondiente al 1º de Abril de 1939, III Año Triunfal. En el día de hoy, cautivo y desarmado el Ejército rojo, han alcanzado las tropas Nacionales sus últimos objetivos militares. LA GUERRA HA TERMINADO”.
“Burgos, 1º de Abril de 1939. Año de la Victoria”
Jakin badakigu, ordea, amaiera gabeko gerra izan zela hura. Diktadurak zapalduta, Garaipenaren eta Bakearen urteen mugarri luzeek, izua eta heriotza ekarri zituzten; erbestea, gartzela, konzentrazio esparruak, lan bortxatuak… Lan esplotazio ankerra, lapurretak, konfiskazioak eta desjabetzeak; garbiketa ideologikoa, gezurra, eta ahanztura ezarriz. Larrutik ordaindu zuten Borboitar monarkiaren antzeztokiak babestuta aspalditik jasotako botere eraikinari aurre egin nahi izan zutenek, Espainiako Gerra Zibila, ez zelako “gerra zibil” arrunt bat izan (horrelakorik esaterik badago). Alde batetik, guda hura iraultza eta kontrairaultza, antifaxismo eta faxismoaren nazioarteko gudaren atal bat izan zelako. Nazioarteko guda hori, formalki, Euskal Herrian 1936. urtean hasi eta 1944arte iraun zuen, II Mundu Gerraren baitan, azken nazi soldadu multzoak Zuberoa utzi zutenean. Ikuspegi zabal batekin, denboran eta espazioan testuinguru orokor horrek azaltzen baititu, ezerk baino hobeto, IIgarren Errepublikaren kontrako matxinadaren ezaugarriak eta iturburuak.
Bestetik Borboiar erregimenaren zapalkuntzaren zutabeak ziren Armadaren, Elizaren eta Jabeen pribilegioak bermatzen zituzten erakunde eta egiturak, modu biolentoan erantzun zieten haien nagusitasuna arriskuan jartzen zuten elementu berriei. Haien botere estatusen sakon sakonetik, oso arriskutsu bezala hartu zituzten egoera, talde, balio, eskari berriak, eta gorrotoz beteta ezabatzeko mobilizatu ziren. Lehen momentutik agerikoa izan zen matxinatuen asmoa, arlo sozial, kultural, politiko eta ideologikotan areriotzat hartzen zituzten haien garbiketa zela. Matxinada gerra bihurtu eta garaipenaren ondoren, frankismoak erregimenaren nagusitasuna behin betiko bermatzeko ezarri zituen garbiketa sozial, politiko eta ideologiko masiboak dimentsio orokorrak, totalak eduki zuten. Eta handik eratorritakoak, benetako eraldaketa politikorik egon ez zelako, diktadorearen azken urteetan forjatutako Erreforma eta Transizioaren, 1978ko erregimenaren, oinarri eta sustraietan ezarri ziren, desberdintasun sozial sakonak bermatzeko eta nazioen zapalkuntzaren arauak eta erakundeak inposatzeko, talde frankista nagusien mesederako. Zelan ahaztu prozesu hori, gaur eguneko Euskal Herriko, Kataluniako eta Espaniako gertakizun politikoak ikusten ditugunean?
Zelan ahaztu Guernica Espaniara eroatea Transizio horren legitimazio osagarri garrantzitsua izan zela, eta espainiar agintariek hórrela ulertu zuten eta ulertzen dutela? Carmen Calvok, orduan Zapateroren Gobernuaren Kultura Ministroak, gure herrian, 2007an, Picassoren margoari buruzko antolatutako erakusketaren katalagoan zioen bezala:
“En 1981 llegaron a España el Guernica de Pablo Picasso y sus bocetos preparatorios. La excepcional pintura se convertiría en un icono de la recuperación de las libertades y en un símbolo de la transición política española”.
Aitzitik, guretzako Guernica hori baino askoz gehiago da. Guretzako Gernika-Lumo, gure herriaren esan nahi sinbolikoaren ezaugarriak askoz haratago doaz. Gure historiaren gure Memoriaren guneetako bat da Gernika-Lumo, elkartasunaren bidez, mundura zabaldu nahi duguna, mundua gurera ere ekarriz.
Web orrialde honekin, mundutik zehar beste batzuekin topatzea, hausnartzea eta elkarlanean aritzea nahi dugu, baina ez oinarri barik. Gernika Bakearen eta Kulturaren herria izan behar bada, gizakiontzat eta herrientzat Justiziaren, Egiaren eta Askatasunaren edukiekin eraiki behar dalako da. Guernica Gernikara aldarrikapenaren zergaitia eta berezko esan nahia azaldu eta zabaldu eta ondorioz Zapalkuntzaren, Militarismoaren, Faxismoaren munstroei aurre egiteko tresna bat sortu nahi izan dugu. Ez dugu dudarik Guernica gure artean askatasun tresna eraginkorra litzatekela.
Arteari buruz 1945ko elkarrizketa batean, Picassok berak esandakoa gogoratu nahi genuke, amaitzeko, Guernica Gernikara gure aldarrikapenerekin, gure ideiekin bat datorrelako, borroka politiko progresista eta ekintzailearen beharra inoiz baino beharrezkoa dalako:
“Zer uste duzu dela artista bat? Margolaria bada begiak besterik ez dituen inozoa, edo belarriak, musikaria bada, edo bihotzaren ganbera bakoitzean lira bat poeta bada, edo giharrak bakarrik boxeolaria bada? Ez, izaki politikoa da, munduan gertatzen diren gauza lazgarrien, sutusen edo miresgarrien berri duena, bere buruari horien irudiaren arabera forma ematen diona. Nola izan daiteke beste pertsonekiko interesik ez izatea, eta euren bizitzak modu hotz horretan alde batera uztea? Ez, margolariak ez dira etxeak apaintzeko eginak. Gerra instrumentu bat dira”.