Prentsa askatasuna. Pablo Gonzalez askatu!

Gaur, maiatzaren 3a, nazioarteko prentsa askatasunaren eguna da. Gernikako bonbardaketaren testuinguruan, beste behin ere, egun hau baliatu nahi dugu kazetaritzaren balioa indarrean jartzeko. Izan ere, munduko edozein gatazka guneetan kazetaritza konprometitua jazarria dago.

Gurean ere izan zen horrelakorik: Zer izan zen Estepan Urkiaga Lauaxeta Gernikaren bonbardaketa eta egun eskasetara nazioarteko kazetariak gertaturikoa ikustera zekartzatela atxilotua izateko arrazoia bada? Zer jakingo zuen munduak George Steer bezalako korrespontsal konprometituak gure aurkako sarraskiaren aurrean hemen egongo ez balira? Edo ez hainbeste, zer izan da bada Egin orain 26 urte edota orain 21 urte Egunkariaren aurkako itxierak prentsa askatasunaren aurkakoak ez badira?

Munduan 2023.urtean 779 kazetari espetxean egon dira, eta horietatik 547 2024.urtean espetxean mantendu dituzte, reporteros sin fronteras-en esanetan. Baina ez hori bakarrik; Gazaren aurkako sarraskiaz geroztik, adibidez, Israelgo estatuak 115 kazetari hil ditu 7 hilabeteetan, eta horietatik 22 lanean zeuden erail zituztenean.

Kazetaritza delitua ez izateaz gain, gu guztiok informatuak egoteko oinarrizko eskubiderako bermea da, eta, boteretsuek, errepresio, mehatxu, espetxeratze eta erailketen bitartez ezabatu nahi duten langintza da. Historian zehar adibide ugari ditugu horren lekuko. Gernika da horren lekuko.

Horregatik, memoria dugulako, gaur, berriro, Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketatik bi urte eta bi hilabeteetara, ahotsa altxatu nahi dugu elantxobetar-nabarniztar kazetariaren gatibutza salatzeko, eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko. Pablori 8 aldiz luzatu diote espetxealdia denbora honetan guztian, epaiketarik gabe, oztopo juridikoz beteriko prozeduran, isolaturik eta etxetik urrun. Beraz:

-Pabloren berehalako askatzea exijitzen dugu. Bere egoeragatik kezkaturik, Euskal Herrian bere hurkoekin egotea ezinbestekoa baita.


-Prentsa askatasunaren aurkako erasoa da. Horregatik diogu, prentsa askatasuna oinarrizko eskubidea izanik, defendatu beharra dagoela. Eta, beraz, Pablo defendatzea dagokigula ere

-Elkartasuna adierazten diogu Pablori, bere senide eta hurbilekoei eta herrikideei. Beste herrialde bateko ezarpen judizial pean gatibu egotea muturreko egoera bat da, eta oinarrizko eskubideak
urratzen ari zaizkie.

– Kritika zorrotza plazaratu nahi dugu Europar Batasunak eta Espainiar gobernu zentralak aurkezten ari diren utzikeriagatik, Poloniako estatuari inpunitate osoz jokatzeko aukera ematen ari diotelako.

#FreePabloGonzalez

Pablo askatu!

Oizmendi TBk kronika egin du, eta, bereziki, OIhana Goiriena bikotekidearen hitzak jaso ditu. Hemen ikus/entzugai:

https://oizmendi.eus/herriak/15-berriak/5772-alb-2024-05-06-gernika-lumo-pablo-gonzalezen-askatasuna-eskatu-dute-prentsa-askatasunaren-egunean-copia

Busturialdeko Hitzak ere jaso du ekimena:

Artxiboa

Gaiak