Atzo, hilak 1, Espainiar estatuko gobernu zentralak Gernika memoria leku izendatzeko duen asmoaren berri jaso genuen komunikabideen bidez. Horren aurrean, Sabin Ibazeta Lertxundiren bitartez lehen iritzia plazaratu genuen Gernika Memoriaren Lekuko plataforma gisa, ETB-k eskatuta.
Gaur, lerro hauen bidez, gogoetari heldu, eta egun dugun informazioaren gainean, gure iritzi osotuagoa helarazi nahiko genuke:
1.- Lehenengo eta behin, azpimarra berezia egin nahi diogu talde memorialistek, memoria elkarteek etab.ek egin izan duten urteetako lanari. Horiek gabe, ez zen memoria demokratikoa deritzon legerik izango. Bai estatu mailan egondako inpultsoari esker, eta, baita, Gernika eta Euskal Herriaren kasuan, hamarkadetan egia, aitortza, eta justizia terminoetan egindako borrokari esker ere. Arautegi hau aurrera ateratzeko egon diren eta dauden korapilo ideologiko, politiko eta parlamentarioak ukatu gabe, haiei zor diegu, hein handi batean, afera gaurko eztabaida sozial, politiko, kultural eta instituzionalean agendan egotea-eta.
2.- Eztabaida ematen den markoa argitzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Gernika memoria leku eta lekuko izatearen zentzu integrala, gure ustez, Euskal Herriko markoan kokatu behar dugulako. Mendeetako historia du atzean gure herriak, Gernikako arbolak eta berak ordezkatzen dituen araudi eta legediek ederki asko islatzen duten bezala. Gure memoria legea eraikitzeko eskumena ukatzen zaigun honetan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketak iltzaturik utzi zigun herri honi bere askatasuna eta bakea eraikitzeko eskubidea dagokiola, eta 86 urte geroago oraindik ezeztatzen zaiola. Memoria dugu, eta izaten jarraituko dugu.
3.- Haatik, apirilean, adierazpen hauek lehen aldiz entzun ondoren zenbait galdera mahai-gaineratu genituen; eta erantzunik gabe jarraitzen dutela begiztatzen dugu:
– Panel informatiboak jartzea ondo dago (bide batez, egon badaude jada). Baina: memoria leku izendatzeak azalpen-euskarriak jartzea dakar soilik?
– Sakoneko elementuei erreparatu beharko geniekeela deritzogu: Ze memoria politika garatuko da bere bidez? Zein eredu parte-hartzaile sustatuko da? Zein eredu jarraituko du izendatzeak? EAEn, bederen, memoria demokratikoaren legedia eratzeko pizgarri gisa baliatuko da?
– Eta Gernika-Lumoko udalari dagokionez: zein memoria programa garatuko da honen bidez? Zein parte-hartze eta erabakitzerako espazio bultzatuko dira? Herriko memoria elkarteek hitza eta erabakitze mekanismorik izango ditugu?
4.- Gernika memoria leku izendatzeak badu bere balioa. Aitortzen dugu. Herria izatea, eta ez soilik eraikin bat (duen garrantzia ukatu gabe), are zentzuzkoagoa da. Batzar Etxeak apirilean helegitea aurkeztu zuen, eta lan hori egitea beharrezkoa da ere. Hortik aurrera, behetik gorako memoria herritarra erdigunean jartzea ezinbestekoa da, gure ustez. Eta herritarrak zein instituzio guztiak norabide horretan lan egin beharko genukeelakoan gaude. Gu langintza horri lotuko gatzaizkio.
Gernika-Lumo, 2023ko abuztuaren 2an
Komunikabideetan oihartzuna izan du gure irakurketak. Lehen iritzia EITBn (euskaraz eta gazteleraz), Busturialdeko Hitzan, eta Berria berri-paperetan, eta zuzeu.eus atarian, hurrenez hurren: