Maiatzaren 3an prentsa askatasunaren nazioarteko eguna da. Efemeridea baliaturik elkarretaratzea egingo dugu Merkurion “Prentsa askatasuna. Pablo askatu!” aldarrikatzeko.
Izan ere, Pablo Gonzalez kazetari elantxobetar-nabarniztarra gatibu dago Polonian, Ukrainiako gerraren testuinguruan atxilotua izan zelako 2022ko otsailean. Beraz, urte bat baino gehiago darama isolaturik espetxeratuta bere senitartekoengandik urrundua, eta muturreko egoera batean.
Gerra testuinguruetan egia izaten da lehen galtzailea. Pentsamendu kritikoa, informatzeko eskubidea, adierazpen eta prentsa eskubideak urratzen jarraitzen dira 2023an, eta ezinezkoa dugu ezer gertatuko ez balitz bezala egin.
Gernikatik ozen adieraziko dugu beste behin ere: Pablo Gonzalez askatu!