Gernika Sarietarako Gernika Memoriaren Lekukoren proposamena

Gernika bonbardatu zutela 86 urte beteko dira aurtengo apirilean. Gernika Sariak esleituko dira aurki, eta gure iritzia eman aurretik, hausnarketa bat plazaratu nahiko genuke:

Izan ere, ustez, denbora tarte bat eskaintzen da hautagaiak aurkezteko, baina: dagokion zabalpena egin da gernikarrak parte-hartzeko? jendartearen ekarpenak jasotzeko bide nahikoak eskaintzen dira? elkarteak, norbanakoak, instituzioak animatzen dira iradokizunak luzatzera….? Sentsazioa dugu gure herriaren izena daraman sariak gaur egun garenaren isla gehiago izan beharko lukeela. Eta denok badugula zer egin langintza horretan.

Bide batez, adierazi nahi dugu kontzienteak garela epez kanpo plazaratzen ari garela gure aukeraketa. Alta, epai-mahaiari kontuan hartzeko eskatuko genioke, ziurrenik, instituzioez gaindi, ez direlako oso ugariak izango proposamenak-eta:

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak 2023ko Gernika Sariak Foro Sozialari ematearen alde egiten du. Azken hamarkadan Foro Sozialak egin dituen ekarpenak bakegintza eta bizikidetzaren alde emaitza bikainak eman ditu. ETAren desarmea eta biolentzia ezberdinek eragindako biktimen arteko harremanak horren adibide esanguratsuak dira. Horri gehitu behar zaio Gernika-Lumo aukeratu izana Foro Sozialaren bi ekimen garrantzitsu burutzeko:

1.- III. Foro Soziala (2016): Desarmea ardatz nagusia izan zen eta nazioarteko adituek parte hartu zuten, euren esperientziak partekatuz.

2.- Foro Sozial iraunkorra (2017): Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena baliatuz, ekitaldia antolatu zen “biktima guztiekiko errespetuan oinarritutako bizikidetzaren oinarriak sortzea” zelarik helburua.

Horrela, bada, uste dugu Foro Sozialak merezimendu osoa duela Gernika Sariak jasotzeko.

Artxiboa

Gaiak