Memoriaren mapa, oroimen ibilbidea. Preso errepublikarrek eraikitako Gernika.
Sare Gernika-Lumok oroimen ibilbidea antolatu du, preso errepublikarrek eraikitako Gernikari arreta jarriz. Izan ere, bonbardaketa eta gero herria suntsiturik utzita, Francok bere zaintzapean hartu, eta Estatua arduratu zen berreraikuntzaz, Dirección General de Regiones Devastadas y Reparaciones delakoaren eskutik. Berreraikuntzarako, hiribilduan ez zegoen eskulana behar zen; hori dela eta, preso politiko errepublikarrak erabili zituzten lan horretarako, ia esklabutza egoeran.
Preso errepublikarrek segurtasun eta garbitasun baldintza tamalgarrietan bete zituzten herria berreraikitzeko lanak. Gaur egun, hainbat eraikin daude bizi garen Gernika-Lumon orduko preso errepublikarrek eraikitakoak direnak; bai eraikinak eta bai kaleak. Memoriaren mapa honen bidez azalarazi nahi izan ditugu; gaurko bizilekuaren zati bat ere badelako. Memoria dugulako.