Egun batzuk dira jakin izan dugula Nelson A. Rockefeller Jr.-ek, Rockefeller klanaren oinordekoetako batek, bere familiak 1985etik Nazio Batuei gordailuan utzitako Guernicaren tapiza berreskuratu duela -Stephan Dujarricek Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren bozeramaileak esan bezala- aldaketa otsailaren hasieran gertatu bazen ere.
Nazioarteko prentsaren arabera, galerak, badauka bere garrantzi sinbolikoa. Gerraren izugarrikeriaren salaketaren sinbolo unibertsala omen da margoa eta horrekin bat datoz albistea aipatu duten hedabideek. Esate baterako, El Pais-en argitaratutako artikuluan, Maria Antonia Sanchez-Vallejoren iritziz, Nazio Batuen identitate seinutariko bat, ikonoa, erauzi dio erabakiak, eta, tapizak leku horretatik kenduta ez die nazioen ordezkariei gogora araziko gerren hondamendia… (Barka diezaiogun El Paiseko kazetariari errakuntza, munduko hainbat herrik oso ondo dakigunez, mapa politikotatik at baitaude izaera politikoa ukatzen zaien -eta Memoria duten- herri eta nazio asko, Nazio Batuetako 193 herrialdez gain).
Antzeko zeozer adierazten zuen New York Times-ek bere orrialdetan, urtetan, Picassoren gerraren kontrako margoaren kopiak azaltzen duen izugarrikeria, lanean jarduten ziren diplomatikoentzat oharra izan dela. Stephan Dujarricek, bere aldetik, Rockefeller familiari 1985tik irudi indartsu eta ikonikoa erakundeari gordailuan uzteagatik eskerrak ematen zion… Nazio batuek hainbat artistek biolentziaren kontrako eta munduko bakearen alde emandako bilduma handia dauka (600 pieza baino gehiagoko artelan bilduma) baina Guernicaren irudiak bazuen, baduela, esanahia ahaltsu, eraginkor, berezia, onartzen da orokorrean. 2003ko otsailaren 3an Colin Powelek, Estatu Batuetako jenerala eta Estatu Idazkariak, Irakeko Gerraren ataria izango zen prentsaurrekoa egin zuen Segurtasun Kontseiluaren sarreran, Sadam Husseinek suntsiketa masiboko armak ekoizten ari zela salatzeko. Prentsaurrekorako atrilaren atzean eskegita Guernica-ren irudia zegoen errezel urdin, lodi batekin estalita. Egi gordina, estalita.
Baina irudiaren edukia gerraren kontrako salaketan datzala esatea, artelanaren esanahi bizia eta bere historia moztea, mugatzea da. Picassok Guernica, gerraren kontrako irudi unibertsala bezala bakarrik margotu zuen? Ez. Picassok Espainiako handikien nagusikeri anker, odoltsu, gezurti eta genozida salatzeko margotu zuen Guernica. Faxismoaren izurritearen eta militarismoaren herio gosearen hedapena ezagutarazteko. Mendebaldeko demokrazien gobernuen saldukeria, koldarkeria, hipokresia adierazteko margotu zuen. Espainiako errepublikaren ametsaren sakrifizioa erakusteko margotu zuen Guernica, Picassok. Gernikako bonbardaketaren gertakizuna barneratu eta euskaldunen odolaren, gorputz-adar pusken, erretako sarraskien ore ikaragarriarekin margotu zuen bere koadroa. 1937ko apirilaren 26ko arratsalde hartan gertatutakoa hartu, irentsi, eta mihisean adierazpen latza bihurtu zuen. Oihua. Tragedia. Margoaren barne historia eta garaiko historia, gure historia, euskaldunon historia ere, azaltzen dute lanaren energia, kontzientziak zartatzeko ahalmena. Hortik bere indarra. Hortik bere unibertsaltasuna.
Nazio Batuen egoitzatik eta Reina Sofía museoaren gordelekutik kanpo ikonoa bizi-bizi sentitzen dela hainbat adibide daude. Zenbat Guernica daude munduko hiri, herri, herrixketan; harresi eta hormetan; txoko eta plazatan… Egiaren eta Askatasunaren faltaren mina, giza duintasunaren garrasia, gertatutako eta gertatzen ari diren Gernika guztien ahotsa. Guretzako, euskaldunontzako, Guernica irudia, Gernika, Memoria Lekuarekin biziki lotuta daude. Irudiak, inposaketari aurre egiteko balio izan zaigu hamarkadetan zehar. Gernikaren oroimena, gogoaren balioaz jabetzeko. Askatasun Deiadarrekin, Justizia Borrokarekin, Kidetasun Matxinadarekin lotzen ditugu Guernica eta Gernika. Picassok bezala, artelana borrokarako tresna dela uste dugu. Eta borroka leku egokiena, unibertsalena, Gernika dela aldarrikatzen dugu.