George Steer-en kronika

George Steer kazetaria 1909ko azaroaren 22an jaio zen, Hego Afrikan. 1944ko abenduaren 25an hil zen, Mianmarren. 1937ko apirilaren 27an, Gernikako bonbardaketaren berri ematen zuen kronika bidali zuen korrespontsal lanak egiten zituen The Times egunkarira. Horren ondorioz, mundu osoak jaso zuen Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertaturikoa. Hemen kronika osoa, irakurgai:

GERNIKAKO TRAGEDIA: AIRE ERASOAN SUNTSITUTAKO HERRIA. LEKUKO ZUZEN BATEN TXOSTENA

Gernika, euskaldunen herririk zaharrena eta euskal tradizio kulturalaren erdigunea, erabat suntsitu zuten atzo arratsaldean tropa matxinatuen bonbardaketek. Frontearen lerroetatik urrun zegoen herri babesgabe honen bonbardaketak hiru ordu eta laurden iraun zuen; hiru mota ezberdineko hegazkin alemaniarren eskuadrila indartsu batek, Junkers eta Heinkel bonba-jaurtitzaileez lagunduta, tona erdiko pisura arteko bonbak jaurti zituzten etengabe, kilo bateko aluminiozko 3.000 jaurtigai su- eragile baino gehiagorekin batera. Ehiza-hegazkinak, bien bitartean, goialdetik herriaren erdigunera jaisten ziren, soroetan babestu ziren zibilak metrailatzeko.

Gernikako herri osoa berehala gelditu zen sugarretan harrapatua, Batzar Etxe historikoa izan ezik, euskal arrazari buruzko artxibo baliotsuak zituen antzinako legebiltzarraren egoitza. Gernikako haritz ospetsua ere, mende honetako kimu berriak zituen 600 urteko andui zaharra, onik mantendu zen.

Gaurko arratsaldeko ordu bietan, Gernikan sartu naizenean, panorama beldurgarria zen. Herria sutan zegoen hasi eta buka. Sugarren islada mendien gaineko ke-lainoetan ikus zitekeen 10 miliako distantziatik. Gau osoan zehar, etxeak eraitsiz joan ziren, harik eta kaleak hondakin gorrixka zeharkaezinen pilaketa bihurtu ziren arte. Bizirik atera ziren zibiletako askok Gernikatik Bilborako bide luzea hartu zuten idiek tiratutako gurpil sendodun nekazal gurdi zaharretan. Gurdi hauek, bonbardaketatik salbatu ahal izan zituzten etxeko ondasun eta tresnez beteta, errepidea trabatu zuten gau osoan. Bizirik atera ziren beste pertsona batzuk gobernuaren kamioietan eraman zituzten, baina asko herriaren inguruan egotera behartu zituzten, koltxoietan etzanda edo senideen eta desagertutako haurren bila. Bien bitartean, suhiltzaileen brigadetako unitateek eta motordun euskal poliziak, barne sailburu Monzon jaunaren beraren eta haren emaztearen zuzendaritzapean, erreskate lanekin jarraitu zuten egunsentira arte.

Elizako kanpaiaren alarma

Erasoa gertatu zen moduagatik, eragin zuen suntsipen-mailagatik eta jo zuen helburuagatik, Gernikako bonbardaketak ez du aurrekaririk historia militarrean. Gernika ez zen helburu militarra. Herriaren ondoan zegoen arma-lantegia bonbardatu ere ez zuten egin. Ezta urrutixeago zeuden bi kuartel ere. Gernika fronte-lerroetatik oso urrun zegoen. Bonbardaketaren helburua, itxuraz, biztanleria zibila desmobilizatzea eta Euskal Herriaren erroak suntsitzea zen. Gertaera guztiek ideia hori berresten dute, baserritarrek ohiko azoka eguna ospatzen zuten egun jendetsuan berean; nekazari gehien iristen ari zirenean, elizako kanpaiak alarma jo zuen, hegazkinen etorrera iragarriz. Herritarrek babesa bilatu zuten sotoetan eta martxoaren 31ko Durangoko bonbardaketaren, Mola jeneralaren iparraldeko erasoaldia ireki zuenaren ondoren prestatu zituzten lurpeko tuneletan. Herriak adore handia mantendu zuen.

Apaiz katoliko bat jarri zen egoeraren buru, ordena mantenduz. Bost minutu geroago, alemaniar bonba-jaurtitzaile bat agertu zen, oso altuera baxuan zirkuluak eginez, eta sei bonba astun bota zituen, helburu tren-geltokia omen zutenak. Bonbak, granada zaparrada batekin batera, institutu zahar baten eta alboko etxeen gainera erori ziren. Gero, hegazkina desagertu egin zen. Handik bost minutura, beste bonba-jaurtitzaile bat etorri zen, herriaren erdian bonba-kopuru bera jaurtiz. Ordu laurden ingurura, hiru Junker iritsi ziren suntsiketarekin jarraitzeko. Ordutik aurrera, bonbardaketa

etengabea izan zen eta intentsitatea hazi egin zen, eta ez zen amaitu arratsaldeko 7:45 arte. 7.000 biztanle eta 3.000 errefuxiatu zituen herri oso bat poliki-poliki eta sistematikoki hondakinetara murriztu zuten. Bere teknikaren xehetasun bat zortzi kilometro inguruko erradioan sakabanatuta zeuden baserri eta abeltegien suntsiketa izan zen. Gau osoan zehar kandela txikiak bailiran erreko ziren muinoetan. Inguruetako herrixka guztiak indar berarekin bonbardatu zituzten, eta Muxika, Gernikako sarrerako etxe multzo txiki bat, 15 minutuz metrailatu zuten.

Oraindik ezinezkoa da biktimen kopurua kalkulatzea. Bilboko prentsak “garrantzi gutxiko” erasoez hitz egin du gaur goizean, baina uste izatekoa da Bilboko errefuxiatuen kopurua ez asaldatzeko garrantzia kendu izana. Josefinen ospitalea izan zen bonbardatu zuten lehen lekuetako bat, eta bertan ospitaleratuta zeuden 42 milizianoak bertan hil ziren. Nik Juntetxetik jaisten den kale batean leku bat ikusi nuen, zeinetan, diotenez, 50 pertsona, gehienak emakumeak eta haurrak, sugarretan zeuden hondakin mordo baten azpiko babesleku antiaereo batean harrapatu zituzten. Beste asko landan sarraskitu ziztuzten, eta hildakoak ehundaka konta zitezkeen. Arronategi izeneko apaiz zahar bat sutan zegoen etxe batetik ume batzuk erreskatatzen ari zela hil zen, bonba batek eztanda eginda.

Erabilitako taktika, zientzia militar berriko adituentzat interesgarria izan daitekeena, honako hau izan zen: lehenik, hegazkin-eskuadrilla txikiek bonba astunak eta esku-granadak botatzen zituzten herri osoan zehar, helburuak zehatz-mehatz aukeratuz. Gero, ehiza-hegazkinak jaisten ziren agudo, lurrazpiko tuneletatik izututa irteten zirenak metrailatzera, tuneletako batzuk tona erdiko bonbaz zulatu eta zazpi metro eta erdiko sakonera arteko zuloak ireki ondoren. Jende asko hil zen ihesi zihoala. Merkatura zeramaten artalde handi bat ere suntsitua izan zen. Antza denez, ekintza horren helburua herritarrak lur azpian mantentzea zen; izan ere, hurrengo urratsa hamabi bonbardatzailek hondakinetara bonba astun eta su-eragileak jaurtitzea zen. Herri babesgabe hau bonbardatzeko programak logika bat zuen orduan: lehenik, esku-granadak eta bonba astunak, herritarrak uxatzeko; ondoren, metrailatu egiten zituzten, babeslekuetan gera zitezen; eta, azkenik, bonba su-eragile astunak erabiliko zituzten etxeak suntsitu eta erretzeko, bizilagunak barruan zirela.

Euskaldunek eskuadrila matxinatuari erantzuteko hegazkin nahikorik ez zutenez, euskal kleroak erakutsitako ausardia izan zen erantzun bakarra. Hauek, belaunikatutako jendetza bedeinkatzen eta haren alde erregutzen zuten -sozialistak, anarkistak, komunistak edo sinestun hutsak izan- lur azpiko babesleku txikituetan. Gauerdiaren ondoren Gernikara sartu nintzenean, etxeak alboetara amiltzen ziren, eta ia ezinezkoa zen suhiltzaileentzat herriaren erdigunera iristea. Josefinen ospitaleak eta Santa Klara komentua txingar distirakorren pilak ziren ordurako, eta eliza guztiak, Santa Mariakoa izan ezik, suntsituta zeuden. Arratsaldean Gernikara itzuli naizenean, herri gehiena sutan zegoen oraindik, eta, gainera, su-foku berriak sortuak ziren. Hogeita hamar bat pertsona hilda zeuden ospitale baten hondakinetan.

Euskal herritarren hiri sakratuaren bonbardaketak hemen eragin duen erreakzioa ikaragarria izan da, eta Agirre lehendakariak adierazpen hauek egin ditu gaur goizean euskal prentsan: “Matxino espainiarren zerbitzura zeuden hegazkin alemaniarrek Gernika bonbardatu dute, euskaldun guztiek hain gurtua duten herri historiko hau suntsituz. Gure sentimendu abertzalearen barren-barrenean zauritu nahi izan gaituzte, eta argi utzi dute, beste behin ere, zer espero dezakeen Euzkadik gure askatasunaren eta demokraziaren mendeak irudikatzen dituen santutegiko azken harria ere suntsitzeko zalantzarik ez duten guztiengandik. Izugarrikeria horren aurrean, euskaldun guztiok bortizki erantzun behar dugu, gure bihotzen sakonenetik zin eginez gure herriaren eskubideak aurrekaririk gabeko erabakitasunez eta adorez defendatuko ditugula. Ezin dugu ezkutatu momentuaren larritasuna, baina garaipena ezin izango da inoiz inbaditzailearena izan, baldin eta gure morala indarrez eta ausardiaz elikatuz haiek garaitzeko adorez armatzen bagara”.

Etsaiak leku asko konkistatu ditu, eta gero atzera egin behar izan du. Zalantzarik gabe ziurta dezaket hemen gauza bera gertatuko dela. Gaurko haserrea pizgarria izan dadila gure erantzuna bizkortzeko.

-George Steer-

Artxiboa

Gaiak