Babespean harrapatu gaitu 83. urteurrenak. Bizi dugun ezohiko egoera hau dela-eta, hainbat egitasmo bertan behera geratu dira. Asko izan dira inplikatu diren gizarte-eragileak eta norbanakoak memoria historikoaren lanketan; kanpotik ere etortzekoak izan dira (Sartaguda eta Lleida) gure memoria —eurena ere badena— partekatzera. Ustekabeko urteurrena, zalantzarik gabe.
Bonbardaketa egunean etxeak suntsitu zituzten; orain babesleku bihurtu ditugu. Babesak zentzu osoa hartu du berriro, benetako indarra. Herritar gehienok, beldurra partekatuz eta elkar zainduz, elkar babesten ari gara. Badaude, hala ere, babesaren beste ikuspegia dutenak. Bizitzaren tasadoreak dira, eta prezioa jarri diote elkartasunari, konpromisoari. Ekonomiaren babes-balioak lehenetsiz, negozioak, transakzioak eta mozkinak giza beharrizanen gainetik jarri dituzte. Denon bizitzarekin espekulatuz, ez da ekonomia, gizatasuna baizik “koma” egoerara eraman nahi dutena. Hala ere, zail dute, Gernika errautsetatik berpiztu zen moduan, oraingo honetan ere, pertsonen arteko harremanak eta bizitza erdigunean jarriz, helburu komunak erdietsiko ditugulako. Zarata mediatiko eta beldurraren bonbardaketari ardura kolektiboarekin egingo diogu aurre.
Gure memoria historikoaren sugarra piztuta mantentzeko beharra dugu bonbardaketa gogora ekarriz. Baina, era berean, ezin ditugu alderdi batzuk ahaztu datuen maremagnum honetan.
Horrela, gogora ekarri nahi ditugu, konfinamendua etxetik oso urrun eta bakartuta pasatzen ari diren herritarrak. Mendekuan eta suntsiketan oinarritutako espetxe politika are gogorragoa egiten da ezohiko egoera honetan. Beraz, mingarria da egiaztatzea gure agintariek isiltasunaz, erdeinuz, erantzuten dutela.
Gogora ekarri nahi ditugu beste Gernikak, bonbardaketen izua sufritzen ari diren herriak; eta horren ondorioz familiak, etxeak eta herriak utzi eta heriotzaren bidaia eginez kanpaleku miserableetan pilatuta dauden errefuxiatuak. Non-eta, Europan, lukurreriaren territorioan.
Gogora ekarri nahi ditugu tratu txarrak ematen dituenarekin etxean izututa bizi diren emakumeak.
Finean, gogora ekarri nahi dugu ezohiko egoera honen ondorioa bestelako gizarte bat eraikitzea izango dela, bestelako oinarrietan finkatua: askatasuna, ekitatea eta justizia soziala. Horixe baita babeslekurik seguruena.
Oharra:
Idatzia kandelen manifestazioa amaitzean irakurri ohi dugu. Oraingoan, hala ere, aurreratu egin gara. Idatzia baliatu nahi dugu etxeetatik parte hartzera deitzeko. Sirena hotsa etxeetan sartzera gonbidatu leihoak zabalduz eta gure babesleku partikularretatik argi txikiekin (kandela linterna, mugikorra) memoria argitzea ohiko kandelen manifestazioa egiten den orduan.