Europar Irrati Telebisten Batasunak antolatzen duen 2019. urteko Eurovisión musika konkurtsoaren 64. Edizioa egiten ari dira egun hauetan zehar Tel-Aviven. Maiatzaren 18an, gaueko bederatzietatik aurrera, musika, alaitasuna, kidetasuna, fokoak eta espektakulua, glamourra eta alaitasuna mugak zehar zabaltzeko (Madonnak berak showan parte hartuko du).
Israelek 64 konkurtso horietatik 40tan hartu du parte eta 4 alditan irabazi du. Iaz Lisboan antolatu zena irabazi zuen eta horregatik ospatzen da Tel Aviven aurtengoa. Ez da palmares txarra… Baina Israelgo estatuak badauka, ordea, beste palmares berezi eta esanguratsu bat, bere estatu-politika praktikoaren erakusgarria dena: Nazio Batuen Erakundeak emandako 26 ebazpenei jaramonik ez egitea. 27 lirateke ebazpen horiek, Israelgo estatua sortu zuen ebazpena ere kontuan hartzen badugu.
Israelgo estatua, 1948tik aurrera estatu militarista, espantsionista eta kolonialista zelan bihurtzen joan den ikusi izan dugu gure begien aurrean, ideologia teologiko-nazionalista batekin, benetako faxismo juduaz jantzita. Gerra, “segurtasuna”, okupazioa, expolioa eta errepresioa negozio bihurtu dira Israelen.
Europarrok telebista piztu eta Eurovision konkurtsoaren espektakuluaz gozatuko dugu, lasai-lasai, gure saloietako besaulkietan jesarrita. Gure inguruan, gure mugetan gertatzen ari dena ukatzen espezialistak bihurtzen ari gara. Zelan ospatu Eurovision moduko jaialdia Palestinako eta Israelgo lurrak odolez blai daudenean? Israelgo kartzelak, bertako herritarrak ere badiren palestinar ekintzailez beteta daudenean? Bake justua lortzeko bidea inoiz baino zailago dirudien honetan?
2003an, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren egoitzan, AEBtako ordezkariek Iraken esku hartuko zutela iragarri zuten. Atzean zuten NBEren nortasuna eta norabidea markatu behar zituen “Guernica” koadroa, baina egun hartan begiak estali –bai mundu osoari estali ere- eta teloi urdin batekin ezkutatu zuten, lotsaren lotsaz, koadroaren indarrak bizkarra ere erre behar zielarik. 2019an, Eurovisión delakoa da Israelgo estatuak Palestinaren eta Israelen beraren arteko “Guernica” estaltzeko erabili nahi duen teloi urdina, eta beste behin, gu geu gara itsu geratzeko arriskuan gaudenak. Hainbat Gernikak egiten dute eztanda egunero Palestinan eta Israelen. Horien aurreran ezin gara begiak itsu gelditu, ahoa mutu, belarriak gor. Europako itsukeri gorrotagarria eta Israelgo militarismoa salatu baino ezin dugu egin Euskal Herriko Gernikatik. Eta gure besarkada beroena eskaini palestinar ekintzaileei eta israeldar bakezaleei.
GERNIKA MEMORIAREN LEKUKO
Gernika-Lumon, 2019eko maiatzaren 18an