Memoria eta politikak Gernika dute babesleku

Ez dugu uste gure herrian Memoriaren lanketaren monopolioa dugunik, eta ez dugu uste gure Memoria kolektiboa, euskal Memoria, itxia izan behar duenik; horren hainbat ezaugarri, askatasunaren, duintasunaren, berdintasunaren eta zoriontasunaren bila, beste komunitate eta taldeekin konpartitzen ditugulako. Aitzitik, zapalkuntzaren, bazterkeriaren, nagusikeriaren inposizioak salatu egin behar diren neurrian, Memoria, gizatasunerako duen balioa aldarrikatzean, lan unibertsala dela uste dugu. Eginbehar horretan, Historiaren pasarte mingarri eta ankerrenak ikertu eta azaldu egin behar dira gizaki balioak goraipatuak izan daitezen, eta, tinko eutsi horretatik jasotako oinarriei, zilegitasun zirrikiturik ere ez uzteko Esplotazioari, Totalitarismoari, Militarismoari, eta Faszismoari.

Askatasunerako Memoriaren eraikuntza elkar lanerako topagunea izan daiteke ideologia, sinesmen eta kultura anitzetako eragileentzat. Ez dago horretan monopoliorik, labelik edo aurreikusitako kategorizaziorik. Handiak edo apalak, denak daukagu asmo horrekin gure ekarpena egiteko aukerarik, giza eskubideen eta herrien eskubideen defentsan jarduteko.

Behin gure pentsaeraren oinarriak goiko lerroetan azaldu eta gero, Gernika-Lumoko Kultur arloan eta Memoriaren lanketan dihardugun talde eta norbanakooi, ASTRAko babeslekuan jarri den erakusketaren inguruan Gernika-Lumoko udalaren jarrerak harritu egin gaituela esan beharrean gaude, eta, testuinguru horretan zenbait ohar egin behar ditugula uste dugu.

Gure artean harridura sortu duena ez da poloniar Auschwitz-Birkenauko Estatuko Museoak prestatu duen erakusketa bera. Alderantziz. Gaur egun, Europan eta mendebalde osoan, gure artean ere, beldurraren eta aurreiritzien pilaketatik abiatuta, arrazismoa eta xenofobia loratzen direnean, pandemia bihurtzen ari den faxismoaren izurritea berpizten ikusten dugunean, naziek antolatutako erailketa industrial masiboaren izugarrikeria eta bere oinarriak izan ziren ideologien zehaztasunak gogoratu egin behar ditugu; eta oso kontuan eduki Holokausto naziaren biktima guztien oroimena: biktima politikoak, etniko eta erlijiosoak, urritasun psikikoak eta fisikoak zituztenak, gerra presoak, eta bereziki, judutar gutxiengoa osatzen zutenak.

Baina erakusketaren zehaztasunei begiratzen diegunean (edukiei ez, behin ere esan dezagun, antolaketari baizik), kezkak eta galderak sortzen zaizkigu, eta neurri bateraino haserrea ere bai, udal gobernuak erakutsi duen sentsibilitate faltagatik, urruntasunagaitik eta informazio ezagatik.

Gogoratu dezagun. Astrako babeslekua ez dago gaur zutik inongo erakunderen ekimenengaitik. Herritarrek hartu zuten, bertantxe, hondeatzeko makinei eta pikatxoiei aurre egiteko ardura hura botatzeko aginduarekin agertu zirenean. Ordurarte erakunde mailako arduradun postuetan inor ez zen zementuzko oskola horren balioaz konturatu. Garaiko ordezkarien sentsibilitateari jarraituz gero, gaur babeslekua dagoen tokia eta ingurua, zementuzko edo asfaltozko espazio leuna izango zen, aparkalekurako edo lorontziak kokatzeko lekua. Herritarrek, herri eragile eta elkarteek, eraikin horren balioaz guztiz jabetuta, izan ziren babeslekua gordetzea merezi zuela erabaki zutenak.

Horregatik, eta ez beste arrazoirengaitik, dago gaur zutik ASTRAko babeslekua.

Harrez gero, babeslekua hainbat ekimen herrikoien agertoki eta topalekua izan da: irakurketak, kontzertuak, hitzaldiak… Hainbat elkartek bultzatutako hamaika saioetan egon gara, hunkipen eta zirrara sentsazio desberdinekin. Errebindikaziorako eta transgresiorako ere, balio izan dute bere hormak eta apirilaren 26 bakoitzean, 1937ko eraso kriminalaren eta gaur eguneko gerra kriminal guztiak salatzeko gure herrian jotzen diren sirenetako bat – LOBAK elkartearen ekimenez hautsetatik aterata- bertatik oihukatzen digu urtero-urtero. Ekimen guzti horiek egin ostean, elkarte beraiek arduratu dira, denon ondaretzat eduki dutelako, eraikina garbitu eta txukuntzeaz. Gainera hainbatetan zuzendu dira udal gobernuari, mantenimendurako beharrezkoak ikusten zituzten berrikuntzak eta konponketak egiteko eskatuz, edota lekuaren gaitasunak balioetsi eta hobetzeko aldarrikatuz, inolako erantzunik jaso gabe.

Dena dela, aurten ekimen guzti horiek eta egin zitezkeen beste batzuk, ez dute bertan lekurik edukiko, udal gobernuak, aipatutako jarduera guzti horietaz ohartu barik antza, edo garrantzi handirik ematen ez dienez, Auschwitz konzentrazio esparruari buruzko erakusketa horreri lehentasun osoa ematea erabaki duelako, eta, ondorioz, datorren urteko ekaina arte bertan iraungo duelako. Herriko taldeei inolako informaziorik eman barik, haien egitasmoei buruzko inolako galderarik edo kontsultarik egin gabe, aldebakartasun osoz, zapalgailu batekin bezala, erabaki bat hartu eta gauzatu egin du. Argi utz dezagun. Ez diogu aipatutako erakusketa eta babeslekuko beste ekimenak bateragarriak ez direnik. Aitzitik: bateragarritasun hori lortzeko, udalak, ezta ahalegin txikiena ere ez duela egin, da dioguna.

Badago, bestalde, aztertu nahi dugun erakusketaren antolaketarekin lotuta dagoen beste alderdi bat, eta ez garrantzi gutxikoa, gure ustez. Erakusketa ez da gurera heldu udal gobernuaren edo Memoria historikoari lotuta dauden erakundeen eskutik, Gernikako Gernika Gogoratuz edo Bakearen Museoa Fundazioa zein Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuaren edo beste euskal goi mailako kultur erakundeen bitartez. Auschwitz-Birkenau Museo Estatalaren erakusketa Tradizio eta Europako Kulturaren Aldeko Elkartearen bitartez heldu da gure artera (erakusketa hau espainiar estatutik zehar ibiliko den zabalago baten lehen saioa omen da).

Eta, nortzuk dira Tradizio eta Europako Kulturaren Aldeko Elkarteko horiek? Ez dugu udal gobernuaren aldetik haien berririk. Ez zaigu azaldu nortzuk diren edo zeintzuk diren haien lan eremuak, ezta Memoriaren lanketan zer ekarri eta gehitzen dioten hemendik, urteak direla, talde herrikoi eta erakundezkoen aldetik egiten ari den lanari.

Badakigu, esan bezala, ASTRAko babeslekua zortzi hilabetetarako eman zaizkiela. Badakigu baita ere erakusketa egin ahal izateko babeslekua berriztu, atondu eta egokitu egin dala, eta, ondorioz, erakusketaren antolaketak zenbait kostu ekarri dizkiola herriari. Erakusketarekin lotuta zeuden jarduera pedagogikotarako ASTRAko tokia erabili ahal izateko, ASTRA koordinakundera eskaria egin zitzaiola ere badakigu.

Ez dakigu, beraz, gure artera agertu den eragile berri honeri buruz gauza handirik. Baina Tradizio eta Europako Kulturaren Aldeko Elkarteko (Asociación Pro Tradición y Cultura Europeas gazteleraz APTCE elkartearen sigletan) web lekuan sartzen bagara, kezka edo galdera berriak eragiten dizkigun zenbait ohar hartu ditzakegu.

Elkartearen orrialdean (www.aptce.eu) euskal erakunde politikoekin eta eragileekin burututako hainbat ekimenen berri ematen da: Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Batzar Nagusiekin Oswiecinen (Auschwitz izena polonieraz) Gernikako Zuhaitzaren landatutako kimuarena, Gernikako Batzar Etxean egindako beste batzuena, eta horiek barne, euskal ikastetxekin egindakoak (ikastetxe eta ikastolak), baita Gernika-Lumokoak ere. Bestalde, ágerikoa da elkarteak harreman berezia daukala poloniar erakundeekin, Poloniako Errepublikaren Meritu Nazionalaren Zaldun Gurutzea jaso baitu.

Web orri berean, elkartearen helburuak eta ekimenak zehazten dira, hala nola, hitzorduak, bidaiak, gazte espedizioak eta erromesaldiak edo, 2016an, Erdi Aroko borroka eskola bat antolatzearena, esaterako.

Gainera APTCE elkarteak baditu zenbait ekintza adar: Bata, fundazioak sortutako Ernazimendu Sarien kudeaketa (www.premiorenacimiento.eu). Ernazimendu Sarien ataletako kudeaketaz fundazioaren zenbait laguntzaile arduratzen dira, batzuk nabarmentzeagatik, Don Álavaro Enrique de Villamor y Soraluce jauna, Don Felipe Folque de Bragança e Bourbon de Mendoça jauna, Doña Beatriz de Andia Elio y Talleyrand Perigord andrea, Don José Luis Barceló jauna (Mundo Financiero egunkariaren argitaratzaile eta zuzendaria) eta Don Enrique Laborde Suarez-Zuloaga (Ignacio Zuloaga Zabaletaren margolariaren loba eta bere ama eta anai-arrebekin Pedrazako gazteluko Ignacio Zuloaga Fundazio museoaren fundatzailea). Jaun andere horien berri, web orrialde berean edo sarean topatzea oso erraza da. Don Álvaro Enrique de Villamor jauna, esate baterako,- elkartearen fundatzaile zuzendaria-, poloniar erakundeen beste kondekorazio eta aipamen batzuk badituena, Espainiako Handia, Salinas de Rosíoko VIgarren Dukea, Villamorko VIgarren Markesa eta Torre-Cuéllarko Xgarren Kondea, Nafarroako Santa Maria del Lírioko Orden Militarraren Lepokoduna (Karlista) eta 1969an Burgosko Komunio Tradizionalistako Buruzagi Politikoaren Enrique de Villamor y Maqueira zenaren semea da (2008an zendua). Enrique Villamor izan da elkartearen bultzatzailea, eta, senidearen oinetxea, Burgosen dagoen Valdenocedako Lara-Villamortarren dorrea berriztatu ostean, elkartearen gune garrantzitsua bihurtu du. 2014. urtean bertan egin zitzaion Errege Harrera Dom Felipe Folque de Bragança e Bourbon de Mendoça jaunari, esan bezala Ernazimendu Sarien arduradunetako bat. Dom Felipe Folque de Bragança e Bourbon de Mendoça Portugalgo legitimisten ordezkaria da, eta harrera errege maila horretan egin zitzaion (hitzez hitz, APTCEren orrialdian ekitaldiaren berri ematean, ”Dinasta de la Casa Real Constitucional Portuguesa” deitzen zaio… Portugal, 1910tik errepublika dela gogoratu dezagun). Dom Felipe, Portugalgo Joao VIgarrena Instituto Historikoaren presidentea era bada, eta San Sebastian Zaldun-ordenaren Buruzagi Handia (Geziaren Zaldun-ordena bezala ere ezagutua); APTCE Ohorezko Batzordearen Lehendakari izendapena onartu zuen eta esker onez, Enrique Villamor aipatutako institutuko kidea izendatu zuen, eta elkartearen zenbait lagun, Zaldun-ordenaren partaide. Gainera, Dom Feliperi Portugalgo Errege-armarriaren egurrezko eskultura oparitu zitzaion. Folque de Bragança jauna Enrique Villamor eta Eduardo Ocamporekin (Gernikako Auschwitzeko erakusketaren komisarioa) gorago aipatutako poloniar kondekorazioa jaso zuen. APTCEko ospe handiko beste kide bat Béatrice de Andia y Elio Tayllerand-Perigord andrea da, Tayllerand, aro napoleonikoaren politiko eta diplomatiko famatuaren ondorengoa. 1933an Madrilen jaioa, beren gurasoak Manuel González de Andia etaTayllerand Perigord, Villahermosako Markesa, Dinoko eta Saganko Dukea eta Mercedes de Elio (Lucio de Elio, Casa Real de la Monedako Dukea eta Peña en Javierko Jaunaren alaba) ziren. UNESCO Nazio Batuen erakundean aritutakoa, prestakuntza zabala du eta artearen zein ondareari buruzko hainbat liburu, idazlan, ikerketa eta jarduera burutu ditu. Sorbonan irakaslea hainbat ardura kargu eduki ditu bere arloan. Miterrand Frantziako presidenteak Ohorezko Legio kondekorazioa eman zion 1991. urtean. 2006an irten, Ondare Erlijiosoaren Behatokia sortu zuen.

APTCE elkarteak eta Ernazimendu Sariak badauka zuzeneko harremana, gainera, bere web orrialdean azaltzen den bezala, turismo, pedagogia eta komunikazioan jarduten den Ego Comunicación enpresarekin. Espainian zehar eta Bizkaiko lurraldetan, Durangotik hasita Portugaleteraino, kulturaren hedapena eta turismoa erakartzeko zenbait ekimen eta kanpainia aurrera eraman duen enpresa honek, APTCE elkartearen lotura, Ernazimendu Sarien eta Románico XX, APTCE elkarteak bultzatutako europar ibilbidearen aipamenak biltzen ditu bere web orrialdean.

APTCE fundazioa denez gero, bere web orrialdean elkartearen estatutuak agertzen dira. Irabazi asmorik gabeko elkartea bezala agertzen den fundazioaren helburu artean batzuk azpimarratu ditzakegu: nekazal inguruko populazioa bultzatu eta bere ondarea berreskuratu eta babestu; bitarteko gutxi daukaten pertsonei lagundu; aniztasunean oinarrituta europar hartu-eman kulturalak bultzatu… Edota funtsezko helburutzat aldarrikatzen duen Europan identitate Historiko-Erlijiosoa berreskuratzeko eskubidearen defentsa (“tiene como finalidad fundamental defender el Derecho a la recuperación de la Identidad Histórico-Religiosa en Europa”). Bide batez, helburu hori izanda ondo ulertzen da elkarteak Juan Pablo II. santutzea eskatzeko bidaia antolatu izana (“La iniciativa se desarrolla con la colaboración y bajo dirección del Arciprestazgo de Medina como el Arciprestazgo de Montija, viaje lleno de valores en torno a la figura, vida y pasos del futuro Santo Juan Pablo II en su tierra natal en Polonia en la misma fecha de su canonización 27 de abril de 2014, para vivir este acontecimiento histórico en un escenario de excepción. Se visitarán las ciudades de Cracovia, Zakopane (Montes Tatras), Kalwaria, Ludzmierz, Nowy Targ, Wadowice, Czestochowa además de visitar los escenarios más terribles de la 2ª Guerra Mundial: los Campos de Concentración de Auschwitz-Birkenau, donde también fue asesinado el Santo Maximiliano Kolbe, fraile franciscano”)…

Hau guztia jakinda galderak eta kezkak zortzen zaizkigu: Zer dakarkigu talde honek? Zergatik aritzen da gure udala haiekin elkarlanean? Zeintzuk dira, Memoriaren lekua bezala, Gernikarekiko haien helburuak? Zein harreman eta xede aurrikusten dira haiekin lantzeko epe ertain edo luzera? Zergatik ez dira kontu hauek herritarrekin aipatu, kultura eta Memoria lantzen duten herriko taldeei azaldu eta beraien iritzia emateko aukerarik eskaini? Zergaitik erabili ditu gobernuak aldebakartasunezko eta agintezko modu funsgabe horiek?

Sinatzaileak Gernika Memoriaren Lekuko-ren izenean:
Jon Argintxona Badiola, Ibon Meñika Orue-Etxebarria, Maitane Azurmendi, Aitor Amutio, Itxaso Amunategi, Sabin Ibazeta, Camino Saiz, Maitane Uriarte, Xabier Onandia, Aitor Iruskieta, Hibai Muniozguren Bilbao