Guernica Gernikara Kanpaina, 2021

Gaur, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak agerraldia egin du “Guernica Gernikara, herri baten aldarrikapena. Azken Bidaia” kanpaina aurkezteko. Plataforma Gernika Batzordea, Ipes elkartea, Lobak, Gernika Garretan, Sare Gernika-Lumo, Arrano kultur elkarteek osotzen dugu (informazio gehiago: www.guernicagernikara.eus atarian).

Sabin Ibazeta (Gernika Batzordea), Maitane Uriarte (Lobak), eta Camino Saiz (Gernika Garretan)-ek hartu dute hitza (testua erantsirik).
Izan ere,  1981ko irailaren 10an Guernica koadroa Madrilera heldu zen, orain 40 urte. Geroztik han dute. #GuernicaGernikara ekartzeko aldarrikapen kanpaina abiatu dugu eta egitarau bat antolatu dugu, horretarako (erantsirik dituzue egitarauaren kartela, eta Guernica-k bidaltzeko abiatutako eskaera-kartelak). Gaur bertan, Gernika Batzordeak antolaturiko Guernica koadroa Gernika ekartzearen inguruko erakusketa zabaldu dugu, arkupeetan, agerraldia amaiturik.

AGERRALDIA

40 urte joan dira gure koadroa ozeanoaren beste aldetik ekarri zutenetik. Gure koadroa diot, gure herriaren mina erraietatik islatzen duelako, eta Picassok gure mina bere egin zuen bezalaxe, gernikarrok ere sarraskiaren eta bidegabekeriaren isla den koadroa gure egiten dugulako. Picassoren nahia zen Gerra Zibila eta diktadura atzean utzitakoan, koadroa Espainiara lekualdatzea, ordurako babestuta egongo zelakoan.

Babestuta badago, baina bahituta ere bai. Koadroak atzean duen historiak, munduan barrena gizadiaren maltzurkeria bidegabea salatzeko erabili izan denak, guztion kontzientzian burrunba izugarria egin beharko luke berez. Hala ere, hantxe dago, Reina Sofia Museoko gela handi eta hotz batean, isilisilik, urrutitik datozkion bisitariei mezua ondo helarazi ezinik. Bertatik igarotako begien artetik, zenbatek ikusi eta ulertuko ote zuten koadroak atzean duena? Zenbatek ulertuko ote zuten Picassok koadroa margotzerako orduan salatu nahi zuena?

Eta nor edo zein izango ote da hobea hori kontatzeko, Gernikako herria bera baino? Memoriaren lekua bera baino toki hoberik ez dago, koadroa hartzeko eta gerturatzen direnek koadroaren esanahia lehen eskutik entzun eta ulertzeko. Gerturatzen direnek, eta bertoko belaunaldi berriek ere bai, memoriaren haria gal ez dadin. Koadroarentzat, bestalde, falta zaion ahotsa da Gernikako herria.

Helburua ez da soilik margo bat museo batera ekartzea. Helburua askoz sakonagoa eta handiagoa da. Batetik, Guernica Gernikara ekarriz, euskal identitatea iraultzea, euskal kultura eraberritzea eta hedatzea, Memoria Kolektiboa oinarri aurrerakoiekin eraikitzea, alde batetik; bestetik, baina maila berean, herrien eta giza eskubideen defentsa, antifaxismoaren eta zapalkuntzaren kontrako borroka, Gernika-Lumotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Mundura, askapenezko gogo berri eta ekintzailea ematea eta zabaltzea.

Memoriaren leku den herri honetatik, Guernica Gernikara garrasia ozen entzungo da koadroa Gernikara ekarri arte. Gure memoriaren katea tinko lotuko duen azken kate-begia dagokion tokira ekarri arte.

“El arte es una representación reveladora de la realidad”; esaldia atzo bertan hil berria den Alfonso Sastrerena da. Gure azken mezua izatea nahi izan dugu, berak egindako ekarpen intelektual, humanista eta literarioari zor diogun omenaldi gisa.

Gernika-Lumon, 2021.ko irailaren 18an

Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Artxiboa

Gaiak